50 orduko lan-astea (Astekaria 143, editoriala)

2004/07/11

Ez da gozoa Europako sindikatu-mugimendurik indartsuenetakoa eman duen Alemanian langile-klaseak bizi duen unea, eta hari begirada bat egitea ez letorke gaizki, gurerako irakaspenen bat eman bailezake agian.

Batetik, gobernuan den SPD alderdi sozialdemokrataren Agenda 2010 izeneko eraispen sozial egitasmoa aurrera doa; ustez ekonomia moteltzen duten zamak arintzeko ei diren erreforma horien ondorio gogorrenak sektore berdinek pairatzen dituzte: langabetuek eta soldatapeko langileek. Aldiz, enpresaburuek erreforma suntsitzaile horiek ezin poz handiagoz agurtzen dituzte. Noski, DGB konfederazio sindikalean bildutako kideek ezin diote beren ahaleginari esker ere boterera iritsi den gizon bati hori onetsi; IG Metallek eta Verdi zerbitzuen sindikatuak oso gogor hitz egin dute.

Enpresetan ere gauzak ez daude hobeto. Alemanian, Euskal Herrian bezalaxe, ekialdeko EBkide berrien mamua behin eta berriz astintzen dute langileei edozer ezartzeko, eta Siemensek txantajeari esker bi lantegitan lortu duen 40 orduko astea arau bihurtu nahi dute. Kanpaina itzela egiten ari dira komunikabide eta ugazabak lanordu gehiago egin beharra zuritzeko.

Gezurretan ari dira "lana ez da enpresen kostu bakarra, ez handiena", epe laburreko irabazia egin nahian, baina ez dute lotsarik; haizalde dabiltza. Adi-adi jarraitu behar diegu harrapakari germaniarren eskeei, hemengoak ere laster hasiko baitzaizkigu lelo berarekin: Aditu "ez galdetu zertan" omen den batek 50 orduko lanaldia eskatu du; besteak, 40 orduak denentzat, eta hirugarren batek oporraldiko astebete kendu nahi dizkie beharginei.

Argi dago, duela ez asko jaiegunik ia ez zuen Txina etorkizuneko eredutzat hartzen duenarentzat hori ez dela astakeria edo erokeria. Baina han ere, noizbait, ekonomia suspertzeko oporraldia eman behar izan diete langileei. Ekonomia herritarren zerbitzutarako behar baita, eta ez alderantziz.