A ze iruzurra, Lehendakari jauna

2021/09/17
Xabi Anza, ELAren formakuntza arduraduna
Behin baino gehiagotan azpimarratu dut Urkullu Lehendakariaren koherentzia autogobernuari buruzko eztabaidari dagokionez. Lehendakaritzara iritsi zenetik argi eta garbi adierazi du nola kudeatu behar den euskal estatus politikoa aldatzeko edozein saiakera. Lehendakari denetik, Urkulluk honako hau errepikatu du behin eta berriz:

1) EAEn akordio bat egin behar da Espainiako bi alderdi handienetako bat gutxienez barne hartuko duena.

2) Madrilek onartzeko moduko akordioa izan behar du, gainera.

3) Prozesuak, ordena horretan, elkarrizketa-negoziazioa-adostasuna-berrespena izan behar du; beraz, herriak amaieran baino ez du parte hartuko, eliteen aurretiazko akordioa kontsultan berrestea soilik tokatzen zaiolarik.

4) Saihestu egin behar da gizarte zibileko erakundeek alderdien eta erakundeen posizioan eragitea eta baldintzatzea.

Errepasatu ezazue hemeroteka. Lehendakariaren diskurtsoan zulorik ez dago.

Osteguneko politika orokorreko osoko bilkuran, Urkulluk eskubide historikoak eguneratzea planteatu zuen, 1839 aurreko subiranotasuna berreskuratuz. Nire ikuspuntutik, planteamendu horrekin koherentzia handia erakusten du Urkulluk, berriz ere. Eskubide historikoetara eta foraltasunera jotzea oso gai funtzionala da Lehendakariak ordezkatzen duenarentzat: 1978ko Konstituzioan xedapen batean aitortzen den zerbait hartzen du oinarri; foraltasuna, gainera, Euskal Herriko tradizio politiko askok gutxi gorabehera partekatzen duten zerbait da; azkenik, trantsizioaren ondoren marraztutako erakunde-arkitekturarekin (Lurralde Historikoen Legea, Kontzertu eta Hitzarmen ekonomikoa, zerga-autonomia...) lotzen du formalki, eta, beraz, foruak gaitasun bereziren bat eman liezaioke gure herriari, Estatuak hala nahi izanez gero.

Baina bistakoa da hori guztia guztiz koherentea dela arestian aipatutako puntuekin:

1) Lehendakariak berriro esan du estatuarekin eta, beraz, bere alderdi nagusiekin “itun” bat egin nahi duela; beraz, beto-eskubidea ematen die eztabaidan, bai edukietan bai tempusean.

2) Lehendakariak errenuntzia bat egiten du hasieratik, eta Espainiak eman nahi duena hartu du sabaitzat.

3) Foraltasunean oinarritutako akordioa eliteen akordioa da, herriak erreferendum batean berretsi dezakeena (edo ez, Nafarroako Foru Hobekuntzaren kasuan bezala).

4) Hori guztia gizartea aktibatu gabe egin daiteke. Horixe, hain zuzen, proposatzen dena.

Bestela esanda:

1) Estatuarekin itun bat egin nahi du, eta Estatuak ezartzen dituen mugak onartzen ditu.

2) Autogobernuaren etorkizuna, beraz, ez da oinarrituko herritarrek demokratikoki eta askatasunez adierazitako borondatean.

3) Konpromisoa hartzen du gehiengo soberanista ez aktibatzeko. Hau da, ez du inondik inora bide hori egingo, ez ezker politikoarekin, ez sindikatu abertzaleekin ere.

4) Zin egiten du bere alderdiak ez duela gizartea aktibatuko, Katalunian egin zen bezala.

Lehendakariak atzo esandakoak, gutxienez, laudatorio bat merezi zuen Espainiako arku politiko osotik. Baina indar politiko espainolistak, garaipenaz jabeturik, txisteak egitera mugatu ziren; are, amorrua eta soberanista dela ere leporatu zioten.

Urkullu ez da Txirrita. Foruak galdu zirenean, bertsolari hernaniarrak begien bistakoena gogoratu zuen... "errespetua gordetu zuten, bildur ziraden artean".

Hori guztia gutxi balitz, Urkulluk proposamena egin du bere gobernuak liburu bat argitaratu eta egun gutxira, zeinetan denok dakiguna kontatzen duen: estatuak ez duela autogobernua errespetatzen; autonomia-estatutua higatzen duela bere tresna guztiekin; matxuratutako transferentziak negoziatzen direla Espainiako Gobernuak Madrilen euskal diputatuen babesa behar duenean soilik... Beste garaietan hor dago Konstituzio Auzitegia, eta gure forua higatzeko behar den guztia. Urkullu errealitate horretatik aldentzen da, eta Espainiako giro politikotik aldentzen da, kontuan hartu gabe egungo Espainiako indar politikoak duela 40 urte baino refraktarioagoak direla nazioaniztasuna aitortzaren aurrean.

Ez digute beldurrik, ez gaituzte errespetatzen. Eta, orain, gure ordezkari instituzional gorenak erasotzen jarraitzeko esan die... Eta erasoan jarraituko dute, ez badugu ezer egiten behintzat.

A ze iruzurra, Lehendakari, a ze iruzurra!