Abuztuan murrizketa gehiago datoz
Dena gezurretan oinarritua dago. Adibide gisa, Rajoy-k eta bere ministroek askotan errepikatu zuten eurotaldeak bankari emanen ziela mailegua – ez estatuari- eta dirutza horrek ez zekarrela inongo baldintzarik. Errealitatea guztiz kontrakoa da. Hasieratik ELA-k salatu zuen moduan, 100.000 milioi eurotako mailegua espainiar gobernuari ematea adostu zen dirutza hori bankari helarazteko (ez dago aurreikuspenik ogasun publikoak dirutza hori errekuperatzeko). Modu honetan zor pribatua publikoa bilakatzen da eta murrizketen bidetik ordaintzera behartzen gaituzte. Egun denok dakigu mailegu hori eskuratu ahal izateko gobernuak hainbat baldintza bete behar zuela. Horietako zenbait Uztaileko dekretazoan jasota daude, besteak beste, langabeziako prestazioen murrizketa, BEZ-aren igoera, sektore publikoaren langilegoarentzat gabonetakoa aparteko soldata kentzea, merkatal gune handiei ordutegiak igotzeko aukera guztiak ematea…Murrizketa guztiak hartzekodunei ordainketa bermatzeko burutuak dira (horretarako aldatu zuten Konstituzioa Rajoy eta Zapatero-k).
Elite politikoen lan egiteko moduak demokrazia txikitu egiten du. Erabakiak eztabaidarik gabe hartzen dira, partaidetzarik gabe, alderatu gabe eta informazio zorrotzik gabe. Gobernuak zabaltzen duen informazioak barne propaganda itxura du. Aldizkari Ofiziala irakurri beharra dago azkenean zer onartzen den egiazki jakiteko. Ministro Kontseiluen ondorengo prentsaurrekoak ere ez dute ezer argitzeko balio. Halaxe izan zen Abuztuaren 3koan, Ministro Kontseiluen ondoren, Rajoy agertu zenean bere ekimenen publizitatea eta propaganda egiteko. Ez zuen ezertxo ere aipatu gai garrantzitsuenaz: bere gobernuak 2013-2014 Aurrekontu Plana onartu zuela neurri berri gogorrekin. Plan horretan, behin betiko zehaztasunik gabe izanda ere, enplegu publikoa eta hidrokarburoen zergen igoerari buruzko murrizketa berriak iragartzen dira… Erretirorako ere murrizketa larriak jasotzen dira, pentsio kopurua gutxitzeko eta erretiro adina atzeratzeko helburuaz, bestelakorik esaten badute ere. Egungo aurre-erretiroaren araudia aldatzeaz ari dira, errelebo-kontratua aldatzeaz, Zapatero-k CEOE,CCOO eta UGTrekin pentsio berriak gutxitzeko eta erretiro adina 67 urtera atzeratzeko adostutako erreforma indarrean berehala jartzeaz… “Jasangarritasun-faktore bat onartzea ere planteatzen da eragina izan dezan bai erretiro adinean edo pentsioaren haserako diru-kopuruan eta baita ere pentsioak birbaloratzeko baldintzetan”. “Jasangarritasun-faktore” hau lehen aipatutako zorigaiztoko pentsioen erreforman sartu zuten, eta horren aurka – gogoratu beharra dago- 2010ean Hego Euskal Herrian greba orokorra burutu genuen.
Abuztuko egun hauetan zabaltzen ari da espainiar gobernuak diru gehiago eskatu beharko duela, alegia 100.000 milioiekin bankaren zuloak estaltzeko bakarrik izango duela eta askoz gehiago beharko duela bere zor publikoa finantzatzeko (handitzen doa ez-legitimoa den zorra). Hortaz ari dira erreskateaz jarduten dutenean. Guzti horretaz hitz egiten ari da Abuztuan: zein baldintza berriak ezarri nahi dizkiguten – Montoro ministroak oso “mingarriak” izango direla esan du-. Hain garrantzitsuak diren gaiei buruz informazio eza erabatekoa da. Gezurretan darraite.
ELA-k argi daki, behar ditugun politiketan, gizarte-mobilizazioak bakarrik ekarriko duela aldaketa. Lan murrizketak eta murrizketa sozialak errefusatzen ditugun Hego Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek Irailaren 26rako deitu dugun greba orokorra aukera aparta da instituzio guztiei (Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Foru Aldundiak eta udalak) exijitzeko beren politikak errotik aldatzea. Hitzak soberan dira dagoenekoz; politikan egintzek bakarrik balio dute, are eta gehiago gizartearen zati handi bat pobreziara kondenatzen ari den honetan. Euskal alderdi politiko eta instituzioei ELA-k exijitzen die uko egin diezaioten Rajoy-ren murrizketak aplikatzeari eta herritarren interesak lehenetsi ditzaten kapitalaren interesen aurretik. Onartezina da murrizketak “lege-aginduz” aplikatzea eta modu horretan bat etortzea gizartea pobretzera daraman bidearekin, bereziki kaltetuen diren kolektiboekin (emakumeak, gazteak edo etorkinak). Horrela eginez gero, klase politiko guztia politika bakarra burutzera eramango luke. Politika egiteko garaia da, eta ez hemendik kanpo erabakitzen dena hemen kudeatzeko garaia.
ELA-k, beste behin, euskal klase politikoari exijitzen dio “ bestela pentsatzen badute, ez dezatela berdina egin” , alegia Rajoy-k oinarrizko legeen bidez erabakitzen duena ez dezatela bete. Politikaren funtsa egintzak dira eta, zoritxarrez, ez dugu entzun ezta ikusi ere ardura instituzionala duten euskal alderdi politikoen artean bestelako politikak egiteko asmorik. Burujabetzaz edo autogobernuaz hitz egitea eta hitz horiek egiazko edukiez hornitzeko gizarte-gaiak eskaintzen duen aukera aparta mespretxatzea kontraesan larria da. Eta ELA-k hori azpimarratzeko beharra du.
MIKEL NOVAL (Eragile Batzordea)