ADEGI liskarrean

2003/09/17

Gipuzkoako ostalaritzan izaten ari den lan-gatazkak agerian utzi du Adegik negoziazioaren aurrean hartutako jarrera. Ostalaritzan, beste sektoreetan bezala, Adegi negoziatzeko prest legoke, baina horretarako sindikatuek benetan lan-baldintzak hobetuko lituzketen erreibindikazioak baztertu beharrean leudeke.

Soldaten erosteko ahalmena hobetzeaz, lanorduen murrizketaz, kontratuak finko egiteaz, etab. ugazabek ez dute negoziatu nahi. Gaiok tabu bihurtu dira Adegirentzat. Eta tabu horiek mahai gainean jarri direnean Adegik mahaia bertan behera uztea erabaki du; mahaia eta negoziazioaren beraren araurik funtsezkoenak.

Adegik hartutako jarrera horren adierazgarri dira hainbat erabaki: Sektorean %18ko ordezkaritza besterik ez duten sindikatuekin sasi-akordioa sinatu izana, edota berori onartarazteko langileei banan-bana egindako presioak.
Baina arau guztien aurkako sasi-hitzarmena ezartzeko Adegiren presioa ez dute soilik beharginek jasaten; enpresaburuak ere ez daude mafia berri baten moduan jokatzen duen enpresari-elkartearen jokabide hortatik libre.
Badirudi Adegiri bost axola zaiola enpresetan gatazkak izatea, edo Gipuzkoako ostalaritzan dagoen gatazkak esate baterako Zinemaldian izan dezakeen eragina. Bere helburua lan baldintzen taxuzko hobekuntzak lortu nahi dituen negoziazio kolektibo ereduaren porrota da, eta horrek aurtengo negoziazioa gainditzen du, haratago doa.
Zorionez, gauzak ez zaizkio nahi bezala ateratzen ari, eta han-hemenka, zailtasun guztien gainetik, benetako negoziazioaren aldeko ekimenak sortzen eta indartzen ari dira.