Adierazpen larriak
Ibarretxe Lehendakariak Adegiren batzarrean sindikatu abertzaleen aurka esandakoak oso larriak dira. Lehendakariak Gipuzkoan hitzarmenen inguruko gatazketan sindikatuok izandako jokabidea salatu zuen, erreibindikazioak era baketsu eta demokratikoan adierazi beharra agertu zuen beraz, ELAk eta LABek era bortitz eta ez-demokratikoan jokatzen dugula aditzera emanez, eta "inoren ideiak errespetatzen ez dituen jarrera autoritario eta faxistak" onartezinak direla azpimarratu zuen; ia denek ELA eta LABen aurkako salaketatzat hartu dituzte, hartu ditugu, adierazpenok.
Adierazpenok deitoratzekoak dira inondik inora EAEko ordezkari instituzional nagusiaren ahotik datozela; are gehiago Ibarretxeren adierazpenak askoz zuhurragok izaten ohi direla kontutan izanik.
Halere, honaino esandakoa aski larria bada, are larriagoa da noiz eta non bota dituen gehiegikeriak, eta horrek guztiak adierazten duena.
Noiz: Gipuzkoan lan hitzarmenen negoziazioa puri-purian dagoenean, grebak indarrean direla, Adegiren eta sindikatu abertzaleen arteko gatazka gogorraren erdian.
Non: Adegiren etxean, bere buruzagi eta bazkideen artean. Are gehiago, Adegiko buruzagi eta bazkideekin bat eginda, adiskidetasun edo konfiantza handiko giroa aditzera emanez.
Beraz, gatazka gordinaren erdian aurrez-aurre dauden alderdietako batekin giro goxoan bildu eta beste alderdiaren aurka salaketa gogorrak jaurti ditu "guztiona" izan nahi omen duen lehendakariak. Hau inondik ere gizartearen sektore zabal baten aurkako jarrera da.
Patronal eta nagusiekiko kidetasun eta hurbiltasuna oso erraz ateratzen zaio nonbait Ibarretxeri, oso berezkoa du. Haien salaketak aintzakotzat hartzen ditu; inolako kritikarik ez du merezi, bestalde, nagusiek negoziazioan izandako jarrera itxiak edota ikuspegi demokratikotik hain larria den gehiengoaren aurkako akordioa langileei banan-bana ezartzeko estrategiak. Ibarretxek inolako eskaerarik ez die, noski, egin etekinak bana ditzaten; inolako elkartasun mezurik ez du igorri soldata duina lortzeko greba gogorrak egin behar dituzten zerbitzuetako emakumeentzat, ez salaketarik egin langileak makurtarazteko legeek ahalbidetzen duten kaleratzeko mehatxuaz erruz baliatzen diren nagusietaz.
Klase batekiko hurbiltasun eta kidetasuna hain nabarmen adieraziz, sindikatu eta langileekiko urruntasuna adierazten du aldi berean.
Norbaitek pentsa dezake horrela enpresaburuak bere planaren aldeko jarreretara eraman nahi izan dituela lehendakariak. Ziurrenik, ordea, gertatutakoaren azalpena askoz sinpleagoa, eta aldi berean larriagoa, da: Lehendakariak negoziazioaz eta lan harremanetaz pentsatzen duena esan besterik ez du egin. Bere hankasartzea, izatekotan, itxurak gorde ez izana litzateke, bere mailako ordezkari instituzional batek kanpora begira behintzat jarrera neutralagoa erakutsi behar baitu.