Adostsun gunea (Astekari 173, editoriala)

2006/01/23

Urtarrilaren 7an giza talde itzelak bete zuen Bilboko Autonomia kalea, euskal presoen eskubideen alde, Ibaetako foroak deituta. Bildutakoen gogoan, presoen egoera latzaren kezka, giro politikoak iradoki dezakeen jarrera berriek inolaz ere leundu ez dutena. Izan ere, euskal presoek Guantanamon darraite, hots, zuzenbide estatuaren oinarrizko arauetatik kanpo koka-tzen den eremuan. Urte dezente dira dagoeneko ELAk euskal presoen eskubideen aldeko jarrera eta konpromisoa azaldu dituela. Eta konpromisoa ekintzetan gauzatzeko gertu izan da, horretarako esparru eta moldeak adostu ahal izan diren bakoitzean. Horrela gertatu zen iazko irailaren 30erako sindikatuek, Etxerat-ekin batera, presoen eskubideen aldeko eguna deitu zutenean; eta horrela gertatu da, halaber, sortu berria den Ibaetako foroak bultzatu dituen ekimenekin.

ELAren iritziz, gai honetan, beste askotan bezala, erakunde eta taldeen arteko ikuspegi eta interes ezberdinez haraindi doazen adostasun guneak bilatu eta landu behar dira. Bistakoa da, izan ere, ELAk eta LABek, Ibaetako taldeko beste siglarik ez aipatzearren, euskal preso politikoekiko ikuspegi eta balorazio ezberdinak dituztela, azken hamarkadetako borroka armatuaren estrategiari buruz ikuspegi eta balorazio ezberdinak izan dituzten bezala. Baina, diferentziak diferen-tzi, badira garrantzia handiko adostasun puntuak: presoen giza eskubideen aitorpena, beraiek eta bere familia eta inguruek jasaten duten jazarpenaren arbuioa, eta gatazkaren konponbiderako presoen ahotsa entzun beharra, besteak beste.

Oinarrizko adostasun honetatik abiatuta, ELAk euskal preso politikoen gaiari eusteko eta, aurrera ere, behin baino gehiagotan hartu beharko diren ekimenetan parte izateko erabateko asmoa du. Betiere, sindikatuari dagozkion lehentasunak gibelatu gabe; baina boron-date osoz, bere konbikzioa beste hipotekarik gabe.