Ainhize (Editoriala Astekaria 258)
Hainbat erreferentzi bukoliko sortzen ditu Ipar Euskal Herriko beste asko eta askok bezala Ainhizeko izenak eta baita ere bere kokapen eta inguru txundigarri bezain erakargarria. Oso errotuta dago, hegoaldekoen ikusmiratik, sentimendu bukoliko hau, norbait bere sorterritik urrun dagoenaren sortzen den herriminaren pareko.
Halaxe erreparatzen diogu sarritan Nafarroa Behereko bizimoduari, bertan hizkuntza eta kantu melodiko, artzain ohiturak, etxe-baserri dotore eta paisaia zoragarrira mugatuko balira bezala bere errealitateak. Gaurkoan, ordea, Ainhize herriaren izenak badu bere muinean gehitu dion izanaren beste ezaugarri bat. HERRIA maiuskulaz eraikitzen eta ulertarazten duten egitasmoen artean, Laborantza Ganbararena bertan hartu du gorputza, Ainhizen, hain zuzen.
Abertzale artean baditugu inork ukatzen ez dituen printzipioak, haranola: herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea; herritarrei eman behar zaiela hitza; herri bat garela eta abar, eta abar... Makina aldiz, batzen gaituzten ukaezinezko aldarrikapenak izanik, horietara hurbiltzeko planteamendu estrategikorik ezean, antzu geratzen dira eta diskurtsoak apaintzeko besterik ez dute balio, zoritxarrez. Horrek berak nahiko frustrazioa ekarri ohi du.
Bestelakoa esan dezakegu Ipar Euskal Herriko nekazariek gauzatu duten Laborantza Ganbaraz. Bertako errealitatetik abiaturik, nekazarien behar eta nahiei begira, nekazaritza jasangarri eta kalitatezkoa ekoizteko eredugarri den zerbitzua jarri dute laborarien eskura. Erakunde ofizialetik at, eta nahiz eta sektoreko aldarrikapena izan, nazio eraikuntzak bere edukietan ikusgaitasuna behar du, jendeak errekonozitu egin behar du. Horregatik, proiektu hau estrategikoa da; makina irakasgai ematen digu eta begizta arazten digu nolako lanak bideratu behar diren hitzak eta ekintzak uztartzeko. Ideiak eta burua argi izatea, erasoei aurre egiteko borondatea, ahal den eta atxikimendu handiena lortzea eta militantzia dira proiektu honen ezaugarriak. Bestelako proiektuek horrelako osagaiak edukiko balituzkete... Ainhize gehiago izango genuke.