Aitzakiarik gabe

2003/09/17

Orain urtebete EAEko lehendakariak bere elkarbizitzarako proposamenean iragarritako plana oso aurreratuta dagoela dirudi. Kaleratu ere, kaleratu da ohiko filtrazioen bidez esku artean Ibarretxek omen darabiltzan zirriborro desberdinetako bat.

Ez dugu behin-betikoa ez den proposamen bat epaituko, baina langile sindikatu garen aldetik kezkagarria irizten diogun zerbait azaltzen den: eskumenak sailkatzerakoan lan eta gizarte-segurantzari buruzko gaiak berriz ere hirugaren mailako bailiran agertzen dira, edo halakotzat hartzen ditu zirriborroa egin duenak. Testuaren egileak gai horiek eskubide osoz arautu eta kudeatzeko gogo handirik ez dauka nonbait.

Nola uler daiteke, bestela, Gernikako Estatutua indarrean sartu zenetik gatazkagai nagusietako izan diren lan eta gizarte segurantzaren inguruko gaiak behingoz argi eta garbi, eta mugarik gabe, euskal erakunde eta eragileen esku egon daitezen lortzeko helburua saihestea? Berriro frogatuta geratzen da lan- eta gizarte-gaietan euskal politikari batzuk gehiegizko ardura, hots, gizartearen eta herritarren beharrizan eta aldarrikapenei behar bezala erantzutea baino, nahiago dutela Madrilen inposizioei men egitea; ez da harritzekoa, azken batean neoliberalak baitira, eta neoliberalei gai horiek ez diete kezka handirik eragiten.

Badirudi, nolanahi, irailaren azken aldera Gasteizko Legebiltzarrean izango den eztabaidan Ibarretxerenaz gainera beste proposamenen bat ere mahairatuko dela. Ezker abertzalean ere, duela urtebete ez bezala, eztabaidan sartzeko borondatea badagoela dirudi.

Proposamenak proposamen, kontua da ekimen horrekin zer bilatzen den: espazio amankomun bat, gutxieneko puntutan oinarritua bada ere, ala inoren aurrean eta inoren aurka norbere espazioa sendotzea.

Alderdiei ezin zaie eskatu bere espazio politikoa zabaltzeko asmoari uko egiterik, baina pentsa liteke gaurko egoeran eta esparru juridiko-politikoa gainditzeko premia ikusten dutenen artean gutxieneko oinarri batzuk adostu beharra dagoela, bestela ezinezko gerta baitaiteke batzuren nahiz besteen proiektuek ezinbesteko urratsak egitea.
Eta gutxieneko adostasunetaz ari garenez, bat ez egiteko arrazoiak badaude, eta pisuzkoak dira, dudarik gabe, baina sarri esan ohi den moduan gu ere bat gatoz adostasuna ezinbestekoa bada, zailtasun guztien gainetik lortu beharra dago. Aitzakiarik gabe. Kontua aurrera egitea bada, bederen.