Alerta: emakumeok bizi nahi dugu!

2015/11/23
Heriotza guztiek ez dute berdin balio. Ez da gauza bera hildako gizon edo emakume bat. Ez da gauza bera heriotza edo hilketa. Emakumeoi eta gizonoi ez digute balio bera aitortzen jendarte honetan. Begibistakoa ez al da?

Ez dut ahazten ere, beste faktore batzuen ondorioz heriotza eta hilketa guztiak ez direla berdinak. Hor ditugu Paris, Siria, Palestina, Kenya, Kurdistan, Libano edota europar muga gotorretako milaka hilotzak, gehi beste asko.

Baina oraingoan emakumeez mintzatuko naiz; zehatzago, gizonek erahil edo erasotako emakumeez. Laster izango da azaroaren 25a, bortizkeria sexista salatzeko nazioarteko eguna, eta azken asteetan espainiar estatuan erahil dituzten emakumeak gerra bateko kopuruetatik gertu daudela ikusita ere, antza odoljario honek ez du garrantzirik agintarien agendan.

Terrorismo matxista alde batera utzi beharko da, orain terrorismo jihadistaren kontrako borroka omen baita premiazkoa. Horri benetan ematen zaio garrantzia, eta armadak ere martxan jartzen dira, bere mehatxutik libratzeko. Ezin dugu ahaztu egunotan Frantzia gerra egoeran dagoela eta, horrenbestez, negozio itzela dagoela atzean; besteak beste, armen industriak burtsan gora egin du.

Beraz, senarrek, bikotekide edo bikotekide ohiek nahiz beste edonork erahildako emakumeen bizitza politikarentzat amortizatzeko modukoa da, edo “sozialki jasateko modukoa”, ez baita ordena edota jendarteko nahiz mundu mailako bakea arriskuan jartzen. Inozoak ginateke aurkakoa pentsatuz gero, betiko protokoloa betetzen den arren; erakundeak formalki egin beharrekoa egitera mugatzen dira, eta biolentzia sexistari aurre egiteko ez dute bitarteko gehiago jartzen.

Errealitate hau ikusirik, galdera bat datorkigu gogora: patriarkatua, emakumeok pairatzen dugun bortizkeria sistemikoaren oinarria, ez al da mehatxu global bat? Ez ote da ere gerren jatorri eta elikagai nagusia, eta gizonezkoen botere unibertsalaren ezaugarri lehena?

Agian pentsa genezake patriarkatua edota sexuen arteko hierarkian oinarritutako antolakunde soziala abstraktua dela, hauteman ezina edo areago, deserosoa, eta ezin zaiola inondik heldu. Aipatzea ere kosta egiten zaigu, eta lehentasun politikoak ezartzerakoan ez da ikusten, ezin da ukitu; are gutxiago ekinbideak erabakitzerakoan. Ez dago ahotan hartu ohi diren indar gaiztoen artean, eta ustez ez da mehatxua demokrazia eta zibilizazioarentzat.

Behar bada matxismoa eta patriarkatua ikusezina eta ukiezina izateak eragiten du emakumeen erahilketa ez topatzea alarma soziala pizten duten gaien artean, premiaz heldu beharreko auzien artean. Haatik, patriarkatuak desberdintasuna eta injustizia mundu mailan eragiten du, botere hegemonikoaren taxukeraren barne-barneko osagai bat baita: BOTEREA, hizki larriekin.

Injustizia guztiei ez zaie erantzun berbera ematen, diskurtso ofiziala eta ohiko protokoloa aurkakoa sinetsarazten saiatuagatik. Hau, nolabait, ulergarria da: hurretik bizi ez duzunak, edota zuri ez zaizula axola uste duzunak, ez dizu eragiten, edota anekdota hutsa dela deritzozu. Egiaz, gehienak areago hunkitzen dira beren futbol taldeak irabazten duenean, eta hotz uzten ditu ustez maite zituzten gizonek hildako emakumeen zerrenda amaigabeak.

Badakit kontu desberdinak direla; erreakzio soziala oso bestelakoa da itxuraz inolako loturarik ez duten fenomeno edo errealitate horien aurrean; baten bat haserretu egingo da halako baieztapena egiteagatik. Baina egiaz zein da hilketa eta eraso sexisten aurreko erreakzioa? Zer ari dira egiten agintariak eta hedabideak honekiko? Zer egiten dugu guk geure eguneroko bizitzan?

Lerro hauek idazterakoan badakit jende asko minduta gera daitekeela. Duela gutxi ezagun batzurekin eztabaida izan nuen gai honen inguruan; haiek emakumeen hilketak parekatu egiten zituzten gizonen hilketekin (edozein dela ere zergatia), lan istripuekin edota suizidioekin. Guztia zaku berean sartzen omen da.

Kasu bereziak badira; noski, arauak hautsi eta arauzko generoaren aginduak saihesten dituzten gizonak badira. Artikulu honetan ez dut gizonen eta emakumeen arteko gerrarik piztu nahi. Baina hori gauza bat da, eta oso bestelako kontua emakume eta gizonen artean dagoen sakoneko desberdintasun estrukturala zalantzan jartzea. Ez dago hainbeste dudarik klaseaz edo arrazaz ari garenean.

Kontua da hauxe, hots, emakume eta gizonen arteko sakoneko desberdintasun estrukturala, dela benetan mundu guztian zehar milioika emakumeen bizia arriskuan jartzen duen zergatia.

Azkenik, aipatu nahi nuke aldarria kalean dagoela dagoeneko: emakumeok bizi nahi dugu! Mugimendu feminista aitzindari dela, mugimendu sozialak eta kontrabotere izan nahi duen sindikalismoa deituta gaude ikusaraztera eta salatzera ezkutatutako gerra hau, zeinak establishment-arentzat eragin leuna duen. Gure organizazioen baitan eta kanpoan, kontzientzia izatera iritsi behar dugu, banaka eta kolektibo gisa; gure hitzak egintza bihurtzeraino: BORTIZKERIA SEXISTARIK EZ!