Urtaran alkateari tentsioa igoarazten dio ELAk
Hainbat arrazoi aipa daitezke: ongizate estatuaren gainbehera, prekarietate gero eta handiagoa, enpresek kaleratzeak egiteko duten erraztasuna (baita kontuak faltsutuz ere), EAJk patronalari ematen dion babesa nahiz eta epaileek erregulazio espedienteak indargabetu, elektriken etekin zikinen defentsa, gurean pobreziak duen gorakada, jeltzaleen posizioa Madrilen hartzen diren erabakiekin... eta beste hainbat arrazoi, zeintzuk gizartean tentsioa gorenera eramaten duten.
Sindikatuok -ELAk bederen bai- langileen antolakuntza sustatzen dugu, tentsioaren gorakada dakarten zergati horiei aurre egiteko. Beraz, botika gara, ez gaitzaren sortzailea, gatza.
Gorka Urtaranekin elkarrizketa luze bat izan dezakegu: Gasteizko herritar garen aldetik, geu gara interesatuenak hiria “erakargarria” izan dadin, sare industrial ona duen lurralde batean, zerbitzu egokiekin eta biztanleen beharrizanak asetuko dituen sare publiko batekin... Haatik, errealitateak erakusten digu langile arabarrek baldintza okerragoak dituztela alboko lurraldeetakoek baino; besteak beste, SEA patronalaren posizioengatik. Ez dago erresidentzia pribatuetako hitzarmen probintzialik. Garai batean eredugarri ziren gizarte zerbitzuak pixkanaka deusezten ari dira, lehenetsi egiten baitira beheranzko esleipenak, zerbitzuen kalitatearen edota langileen kalterako, adibidez Gizarte Eskuhartzean zein Etxez etxeko Laguntza zerbitzuan.
Lurraldearen alde 6.000 arabar mobilizatzen direnean ez dira industria suspertzearen aurka ari, baizik eta gure ingurua mehatxatzen duten megaproiektuen aurka.
Urtaran alkateari, enplegatzaile den aldetik, galdera hauek egin nahi genizkioke:
- Nola liteke bere lantaldea 2006tik hona hitzarmena negoziatu gabe edukitzea?
- Nola liteke Administrazioko behin-behineko enplegu tasarik handienekoa izatea (kontu honetan EAJ maisua da)?
- Nola onar dezake hiriko garraioko udal enpresan lan harremanak salaketa bidez mugiarazi beharra?
- …
Beraz, dieta aldatu ezean, Urtaran jauna, tentsioa areagotu egingo da.