ARMA GUZTIEKIN (Astekaria 118)

2003/11/12

Estatutu berrirako proposamena ezagutu orduko argi esan du Espainiako gobernuak irekitako prozesua zapuzteko baliabide guztiak, edo arma guztiak erabiliko dituela. Dagoeneko jarri ditu dantzan Nafarroako Gobernua, Arabako Aldundia, fiskaltza nagusia, hemengo eta hango auzitegiak, hedabideak, patronala, zenbait "euskal" enpresa nagusitako buruak, etab.

Eta armetaz ari garenez, Aznarrek armada ere dantzan jarri du. Irribarretxo maltzurrez Gobernuak ematen dituen azalpen gezurtiak gorabehera, azken egunotan euskal herri, hiri eta mendi-zelaietan egin duen indar armatuen erakustaldi zalapartatsuarekin estatuak oso mezu garbia bidaltzen digu: "lurralde hau nirea da, eta nirea izaten jarrai dezan indarra erabiltzeko prest nago". Helikopteroen burrunbak eta soldaduen bota hotsek Konstituzio espainolaren 8. artikuluaren mehatxua gogora arazi digute berriro.

Espainiarekiko lotura sendotu nahi dutenentzat erakustaldi militar hauek hankasartzea dira, ziur aski, hainbat politikari espainol botatzen ari den kirtenkeriak bezala. Ikusi besterik ez dago gure artean Espainiarekiko atxikimendua sendotzea helburu nagusi duen Vocento taldeak (El Correo Español-El Diario Vasco) nola ezkutatzen dituen maniobrak.

Baina badirudi Espainiako politika zuzentzen dutenek euskal herritarren borondatea irabazteko itxaropena galdua dutela, eta Villar gobernadoreak esan zuen moduan "territorio hostil" legez ikusten dutela gure herria; horren arabera jokatzeko erabakia hartua dute, "territorio hostil" delakoetan indar okupatzaileek erabiltzen dituzten jokabideekin, alegia.

Ezin dugu esan euskaldunok irabazi dugunik, horretarako urrats asko eta zailak geratzen baitzaizkigu, baina gero eta garbiago ari da ikusten espainolak galtzen hasiak direla.