Aro berrirako aukera (Astekaria 183. Editoriala)

2006/03/27

ETAk iragarritako su-etena berri ezin hobea izan da, ELAren komunikatuan esan den bezala. Bere aurrean, poza eta itxaropena adieraztearekin batera, erabakia hartu dutenak zoriontzea dagokigu, arduraz eta erantzukizunez, inolaz ere erraza ez zen urratsa eman dutelako. Erakunde armatuaz gain, erabakirako baldintzak sortzeko beste askok, batez ere ezker abertzalearen barruan, egindako lana aitortzea justizia hutsezko betebeharra da. Denak zoriontzen ditugu, geure zorionetik zoriondu ere.

Gaurko eguna aro berri baten ataria izan daiteke. Denoi dagokigu horrela izan dadin ahalegin guztia egitea, denon ardura maila berekoa ez dez arren.

Lehen erantzuna eta erantzukizuna estatuari dagokio. Gobernuaren txanda da orain. Ez dagokigu, noski, Rodriguez Zapateroren agenda zehaztea; berak badaki, honez gero, zer egin behar duen; eta badauka, argi dagoenez, zer eta non egin. Urratsak, inolaz ere, garbiak izan beharko dute, sinesgarriak, eta konponbidearekiko inolako zalantzarik gabeko konpromisoa eta erabakia erakutsi behar dute. Halere, Estatua gobernua baino zerbait gehiago da, eta beste indarrek ere (epaitegiek bereziki) erronkaren tamainako konpromisoa erakutsi beharko dute. Exekutiboak, behar izanez gero, ba du beste boteren jarduna egokitzeko ahalmena, gehiegitan erakutsi zaigun bezala.

Iragartzen den aro berriak aukera berriak ematen dizkigu Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun indarroi, geure arteko indar metaketa azkartzeko eta elkarlana sustatzeko aukera eskeintzen digulako. Aukera eta erantzukizuna. Asko daukagu egiteko, eta asko daukagu eztabaidatzeko ere, eraiki beharreko ekintza batasunak oinarri estrategiko sendoak behar dituelako; adierazpenetan izan dezakegun bat egitea baino urrutirago doan bat egite estrategikoa.

Ba dugu, bai, zertan saiatu,berri ona ospatu ondoren.