Aro berrirako nazioartekoa (Astekaria 198. Editoriala)
Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioa (SNK) langileok eta langile mugimenduak oso eraso gogorrak pairatzen ari garen unean sortu da. Berlingo harresiaren eta "eremu sozialista" zenaren hondamendiaren ostean, kapitalismo basatiena nagusitu da. Aldaketa politiko honek pentsamendu bakarraren zabalketa eragin du, gizarten zein ekonomian. Beti egon dira langileen eskubideen aurkako erasoak, baina joera hori gero eta nabarmenagoa da.
Langileen aurka jokatzen dutenek indarrak batzen dituzten bezala, guk ere indarrak batu behar ditugu. Erantzunak beti erronken adinakoak izan behar dute, eta argi dago aurrean dugun erronka handia dela. Indarrak batzea beharrezkoa da. Lehenik sindikatuen indarrak, nazioarteko erakunde berriak egin nahi duen bezala. Baina SNK-ren indar metaketarako asmoak ez dira sindikatuetara muga-tzen. Gizarte mugimenduak ere aintzat hartzen ditu, burkide izan nahi ditu globalizazio neoliberalak ezarritako eredu ekonomiko eta sozialaren aurka. Atzean geratu dira, zorionez, sindikalismoak mugimendu berriekiko inoiz izan duen nagusitasun konplexua.
Erronka handiei erantzun behar die sindikalismoak. Molde zaharrak zaharkituak geratu dira. Galdu da sindikalgintza klasikoak sistemaren administrazioan parte hartzeko eta sistemari kutsu soziala emateko inoiz izan zuen aukera. Kapitalak klase borrokaren alde egin du, borroka irabazteko inoiz baino parada hobea ikusten baitu. Eta ez du boterea edo aberastasuna banatuko; ez, behintzat, borondatez. Lobbigintza ahaztu eta borrokari heldu beharko dio sindikatuak; Boterearen aurkako indarra, kontraboterea.
Ez da erraza SNK-k duen lana. Munduko herrien zein sindikatuen arteko egoeren eta ikuspegien artean diferen-tziak handiak dira. Ezingo dio SNK-k erronkari neurria hartu egun batetik bestera. Zuzendaritzaren lan etengabea eta sindikatuon engaiamendu sendoa beharko ditu, sindikalismoa, berriz ere, langileak antolatu eta indartsu bihur-tzeko gai izan dadin. ELAk, bere txikitasunean, zintzoki eta bete-betean hartu du engaiamendu hori.