Arrazismo intitituzionalak nazioarteko babesa eskatzen dutenak zigortzen ditu

2025/03/21
Hilaria Vianeke, ELAko afiliatua, gizarte-langilea, UPV/EHUko Administrazio eta Politika Publikoan doktoratua eta Giza Eskubideen aldeko aktibista
Martxoaren 21ean Arraza-Diskriminazioaren kontrako nazioarteko eguna ospatzen da. Arrazismo instituzionala, Europan zein espainiar Estatuan, areagotzen ari da eta ustez betirako ahaztuta genituen fantasmak berriro agertzen ari zaizkigu. Arrazismo instituzionalaren fruitu dira migratzaileen eta Nazioarteko Babesa eskatzen duen jendearen kontrako lege zorrotz eta injustuak. Datorren maiatzaren 20an sartuko da indarrean 1155/2024 araudia. Honek gizarte- eta lan-esparruan arazo larriak eragingo dizkie estatuko asilo eskatzaileei. Migratzaileen eta Nazioarteko Babesa (NB) eskatzen duten pertsonen Giza-Eskubideen alde etengabeko borrokan diharduten guztiek araudi horrekin susmoa zena gauzatu dela uste dute: Espainiar Estatuak, Europako beste herrialdeekin elkar hartuta, eskuin muturrerantz jo du eta betidanik defenditu izan dituen balioak zanpatzen ditu: elkartasuna, justizia eta Giza-Eskubideen defentsa. Horien ordez bestelako diskurtsoak nagusitzen ari dira, lege arrazistak eta gorrotoa zein bestearekiko beldurra hedatzen dituztenak.

Orain arte espainiar lurraldera heldu eta asilo beharra adierazten zutenek polizia-komisaria batean datuak utzi eta eskaria egiteko deitzen zitzaien. Behin hau egindakoan, eskariari buruzko Estatuaren erabakiaren zain geratzen ziren, erakunde sozialen babespean; hauek ematen zieten bizilekua, gaztelaniazko eskolak eta ekiten zieten gizarteratze nahiz laneratzeko ibilbideei; hots, gizalegez eta elkartasunez hartzen zituzten. 

Administrazioek eskari hauei erantzuteko tarte luzeegia hartzen dute; honek jendearen bizitza baldintzatzen du: Euren dosierrarekin zer gertatuko den ziurtasunik ez dutenez, etengabe alerta egoeran bizi dira. Espedientea ebazteko, Nazioarteko Babesa eskatu duena zein herrialdetatik datorren, bi urte ere igaro daitezke. Edonola ere, sei hilabeteren buruan NB eskatzaile izanik lan egin zezaketen, eta halako batean eskariari buruzko ebazpena jakinarazten zitzaien. 

Ebazpena ezezkoa denean eskatzailea lanik gabe geratzen da: 15 eguneko epean harrera-baliabideei, herrialdeari eta lanpostuari uko egin behar die; enpresarioak, nahiz eta eskulan hori behar izan, ezin dio babesik eman. Hau gertatzen da legez gaur egun etenik gabeko hiru urte bete behar direlako lan-baimena eta errotzea medio bizitzeko eskubidea eskatzeko, eta jakinarazpena jasotzean beti ez da epe hori beteta izaten. 

Araudi berriarekin epe hori 2 urtera mugatu da. Laster indarrean sartuko den atzerritarren araudi berri honekin Espainiak bere burua babestu nahi du asilo- eta aterpe-sisteman gertatzen diren abusuetatik, baina ez du modu egokian egiten. Izan ere, ordurarte Nazioarteko Babesa eskatzeagatik erroldatuta zegoen jendeak lana izan badu, ezezkoa jasotzean ezer gabe geratuko da. Dena ezabatuko diete. Lan egiteko modurik ez dute izango, eta beren herrialdera itzultzetik libratuta ere, ezinezkoa izango zaie erregularizatzea, gutxienez sei hilabetez. Muturreko gizarte bazterkeria pairatuko dute, inolako babesik gabe. 

Halaber, araudi berriak aterperik gabe utziko ditu hainbat emakume, baina ez bonba eta tiroei ihes egindakoak; hauek behar bada kalte larriagoen beldur dira, esaterako mutilazio genitala edota behartutako ezkontzak; lege hilgarriak dituzten estatuetatik alde egin dute lesbiana edo transgenero dira, aktibista sozial eta politikoak, Giza-Eskubideak baztertzen dituzten kulturetatik aldendu nahirik. Europa leku segurua omen zen, harrera ona emango omen zien. Areago, Europak lezioak ematen dizkie besteei balio demokratikoen eta Giza-Eskubideen inguruan, baina saltzen dituen balio horietatik gero eta gehiago urruntzen da. Areago, adin txikiko atzerritarrei buruzko eztabaida arma gisa erabiltzen du, eta ahaztu egiten du haien interesa babestu behar duela, edota Estatuak haian ongizatea bermatu behar duela; muturreraino joan dira, izan ere mugen zaintza eta kolektibo honentzako zerbitzuak beste herrialde batzuei egotzi nahi baitizkiete. 

NBren eskatzaile ez direnei espainiar lurraldean bi urtez erroldatuta egotea galdegingo zaie, errotze soziolaboralagatik bizitzeko txartela eskatu ahal dezaten. Famili-errotzearen aukera eskainiko zaie ere Espainian senideren bat dutenei, eta bigarren aukera bat bizitzeko txartela galdu eta berreskuratu ezinik dabiltzanei. Halaber, errotze sozioformatiboagatiko txartelak lan egiteko aukera emango du; orain arte hori ezinezkoa zen. Horrek esan nahi du atzerritaren arautze berri honek kalterik handiena egingo diela Nazioarteko Babesa eskatu dutenei, batez ere ukatu zaienei eta helegite administratibo nahiz judizialak airean dituztenei.