Askatasun sexualen bidean sindikalismoa bidelagun

2013/06/27
Disfuntzionalak, anormalak, inbertituak, okerrak, patologikoak... Zerrenda amaigabea da. Sarrera honek nolabait argi utzi du artikuluaren edukia zein izango den.

Aurten ELA sindikatutik berriro atera gara armairutik; jendaurrean eta agerian adierazi nahi dugu konpromisoa lesbiana, gay, bisexual eta transexualen kolektiboak kaleratzen dituen erreibindikazio eta borrokarekiko.

Badakigu sindikatu honek egin dituen ehundik gora urteko ibilbidean pertsona askok, sindikatu barnean zein kanpoan, hautsi egin behar izan dituela moldeak, tabuak eta aurreiritziak, egin duen hautu sexuala edo bere genero identitatea medio edo, besterik gabe, egitura hetero-normatiboak eta antolakunde sozial patriarkalak ezarritako arrastotik aldendu delako.

Bizitza hauen istorioa, errealitateak eta borrokak sarri erdi ezkutuan geratzen dira, eta horrenbestez, galarazi egiten zaio ortzadarraren banderari bat egitea agendako lehentasunetan kokatuta izan ohi diren borrokekin.

Gure gorputzek, sexualitateak edota afektibitateak adierazpide librea izan dezaten, behar bezala bizi ahal daitezen, E28ko hitzorduak eguneroko martxa gainditu behar du.

Aitortu beharra dago lan munduko eguneroko harian gure eskubide laboral eta sozialak -eta hauekin batera, eskubide eta askatasun sexualak- gauzatzeko oztopo ugari dagoela. Lan merkatuaren esparruan ere sistemak diziplina eta ordena ezarri nahi ditu; izan ere, sistemak bakoitzari nor egon behar duen agintzen baitio. Beraz, ezarritako orden sexualak, heteropatriarkatuak, gaur nagusi den kapitalaren diktadurarekin erlazio sinbiotiko ezin hobea du.

Hartara, teorian tresna formalak baditugun arren eta hautu sexualaren edota genero identitatearen ondoriozko diskriminazioa legez debekatuta egonagatik, praktikan lesbofobia, homofobia, bifobia edota transpatologizazioa eguneroko kontua ditugu. Batzutan agerikoa izaten da, baina sarri ez da hain argi ikusten.

Langileoi, soldata jaso zein ez, gero eta oinarrizko eskubide gutxiago aitortzen dizkigute, prekariatoaren urrezko aro honetan. Eta aldi ultraliberala bizi dugularik -ez bakarrik arlo ekonomikoan-, modan dago zuria eta beltza, morala eta ohitura zaharrak, eta gogor erasotzen diete arautik at eta sistemaren ertzetan bizi diren pertsona eta kolektiboei.

Horregatik, ordena horri aurre egiten dioten guztien, ANIZTASUNari atea irekitzen dioten guztien eredua hartu eta geureganatu egin nahi dugu. Aniztasun sexual honek, beste edozein hautu politikoren pareko denak, bizitza eta pertsonen arteko harremanak bestela ikusteko aukera ematen digu.

Bide honetan sindikalismoak bat egiten du borroka honekin, eta berarengandik indarra hartzen du; borroka hau ezinbestekoa da biztanle gehienen, eta batik bat historia ofizialetik baztertu dituzten pertsona eta kolektibo guztien kaltetan, oinarrizko eskubideak suntsitzen ari diren une honetan.

Ez dugu prejuizio eta diskriminazio gehiagorik nahi!

Gora lesbiana, gay, bisexual eta transexualen borroka!