Astekaria 175, editoriala: "Denen eskubideak, denen sentimenduak"
Urola-Kostako ELAk bere iritzia eman du egunotan Entzu-tegi Nazionalak, 1980 urtean Azkoitian Ramon Baglietto, UCDko militantea, hil zuten bi herri-tarren ondasunak bahitzea erabaki ondoren sortu den polemikaz. Bi herritarrok espetxe-zigorra betea zuten arren, kalte-ordainak kobratu nahi dizkie orain estatuak ondasunen bahiketaren bidez.
Auziak bi errealitate jartzen ditu aurrez aurre, bi mundu, bakoitza bere sentimendu eta eskubideekin. Alde batetik, gatazka honen erroan dagoen erahilketa eta, urteak igaro arren, hildakoaren senide eta lagunengan eragiten duen samina, ezinbestean, denok ulertu eta errespetatu behar duguna. Bestetik, hilketagatik zigortuak izan ziren bi herritarrei, kondenatu zituen legedi berak bizimodua berre-giteko aitortzen dien eskubidea, beraien aurkako auzia, mugarik gabe, aldez edo moldez, zabalik edukitzea eragozten duena. Bistan da eskubide eta sentipenen talka honi kontu handiz heldu behar zaiola.
ELAk beharrezkotzat jotzen du, gainera, gertakari hauek ikuspegi zabalago batetik ulertzea, gure herriaren baketze prozesuaren ikuspegitik, alegia. Baketze prozesuak, ELAren nazio batzordeak aldarrikatu zuen bezala, hitzarmen politiko eta sozial zabala behar du, gatazkak alderdi guztiengan eragindako zauriak senda daitezen laguntzeko. Izan ere, bakea eraikitzea eginkizun konplexua da, tentua, sentikortasuna eta kemena eskatzen dituena; eta, bide batez, alderdikeriak beste ezerk baino errazago hondatu dezakeena.
Ezin egokiagoa da, beraz, Urola-Kostako eskualde-batzak eragileei egin dien eskaera, Azkoitiko auziarekiko adierazpenak egiterakoan, bai eguneroko elkarbizi-tzan, pertsonei eta bere eskubideei zor zaien begirunea aintzat har dezaten.