Astekaria: "Ez dago ezer ospatzeko"

2005/11/15

Astekari-ko 170. alearen editoriala

Ez dago ezer ospatzeko

Hamar urte dira Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean jarri zenetik, eta lanean izandako ezbehar eta hildakoen kopuruaren bilakaera ikusirik, ondorio batetara heltzen gara: ez dago ezer ospatzeko. Lan egitea segurtasunarentzat eta osasunarentzat arriskutsua izaten jarraitzen du.

Lan istripuek kontratu motarekin harreman zuzena dute. Aldi baterako kontratuak dituzten lagunek kontratu mugagabeak dituztenek baino 2,5 aukera gehiago dituzte istripu bat izateko. Azpikontratazioa eta lanean hildakoen kopurua txanpon beraren bi aurpegiak dira.

Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen porrota ez da berez lege txar bat delako. Beste batzuk dira arrazoiak. Lehenik eta behin, soilik beraien irabaziak handitzeaz arduratzen diren enpresariak daude, nahiz eta horretarako langileen segurtasuna, osasuna eta bizia bera arriskuan jarri. Aldi baterako kontratazioaz baliatzen dira, lan erritmoak eta lan jardunaldia handitzea eskatzen dute, eta lan eta segurtasun alorrean egin beharreko inbertsioak egiteari uko egiten diote.

Administrazioaren jarrera arduragabea ere salatu behar dugu. Lan Inspekzioa egun aurkitzen den egoera administrazioaren borondate politikoaren eredu argi bat da. Ez ditu bere lana ongi betetzeko adina baliabide. Ez daude ia ekintza prebentiborik, gaitza eginda dagoenean soilik eragiten da. Erakunde autonomikoek ere ez dute arazoari aurre egiteko borondaterik agertzen. Ez Osalanek ez Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak ez dute politika eraginkorrik indarrean jarri.

Lan istripuak lan harremanak bereizten dituzten interesen gatazkaren ondorio dira. Gai honetan aurrera egin nahi bada legeak hausten dituen enpresariaren atzetik joan behar da, patronalarekin konfrontazioa bilatu behar da.