Aurrera egiteko aukera

2002/06/03

Greba orokorra ekainaren 19an deitzerakoan ELAk ez du bide errazetik jo. Askoz erosoagoa zukeen, dudarik gabe, estatuko deialdiaren gerizpean ‘euskal esparru’aren aldeko aldarrikapen batzurekin grebari ezaugarri propioak ematen saiatzea.

ELAk greba 19an deitzearen arrazoia ez da bere burua nabarmentzeko nahikeria; funtsezko arrazoiak ditu sindikatuak horretarako. Bi arrazoi multzo nagusi izan ditu kontutan: Batetik, ELAren eredu sindikalak ez du CCOO eta UGTren ereduaren antza handirik. Sindikatu espainolen ereduak estatuan du ardatza; estatuko lan- eta gizarte-gaietaz egiten duen kudeaketan partaide izatea da beren helburua, eta estatutik datorkie, bestalde, finantza-iturri nagusia.

Eredu sindikal honi ‘kontzertazio eredua’ deitzen diote, baina edonork daki kontzertazioa gehienean itxura hutsean geratzen dela. Izan ere, ongizate estatua eraiki zuten gizarte-ereduak gainbehera doaz eta, uholde neoliberalak bultzatuta, estatu sozialaren zutabeak hondatzen ari dira nonahi. Estatu espainolean, gainera, ia garatzen hasi gabea zegoena ari dira hondatzen.

Lan-eskubideak eta eskubide sozialak murrizten joan arren, UGT eta CCOOek –batik bat azken honek – kontzertazio ereduaren itxurari eutsi nahi izan diote, eta Aznarrek ondotxo jakin izan du elkarrizketaren eta itunen aldeko den politikariaren plantak eginez irudi honi etekin politikoa ateratzen.

Oraingoan Aznarrek behar baino gehiago sakatu duelako eta sindikatu espainolek duintasun apur bat erakustera behartu dituelako sortu da greba deialdia. Ez da, ordea, orain arteko kontzertazio eredu gaiztoa salatzeko egiten den greba deialdia, Aznarren harrokeria piska bat baretu eta betiko ‘elkarrizketa soziala’ren eredura itzularazteko baizik. Horregatik, ELAk ezin ditu inola ere euskal langileak grebara deitu Fidalgo eta Mendezek kontzertazioa berreskura dezaten.

Bigarrenik, euskal langileok eta ELAk, euskal sindikatu nagusi den aldetik, geure burua errespeta arazi behar dugu. Urteak joan, urteak etorri, estatu mailan duten nagusitasuna eta boterearekiko harreman estua euskal sindikatu eta langileei oinarrizko eskubideak ukatzeko baliatu dute. Orain, kontzertazioaren gurdia aurrera egin ezinik geratu zaienean, euskal sindikatuok otzan-otzan ataka hortatik ateratzen laguntzea nahi lukete... abiatu bezain laster lehengo bidetik jarraitzeko, noski.
Ekainaren 19ko deialdiarekin, beraz, lehenengo eta behin Aznarri erantzun nahi diogu, eta alde hortatik ELAk erantzuna ahalik zabalena izan dadin saiatuko da. Baina honekin batera, 19ko deialdiarekin CC OO eta UGTri gauzak beste era batera egin beharra gogora arazi nahi die, bai gobernu espainolarekiko, bai euskal sindikatu nahiz langileekiko.

Azkenik, gure jarrera lantoki eta herrietan azaldu eta arrazoitu beharrak geure militanteen prestakuntza, hausnarketa eta jarrera indartzeko balio behar du. ELAk, klase-sindikatu eta erakunde abertzale gisa, bere buruari ezarri dion erronka medio, bide errazean ez baina aldarrikapen eta eztabaidan zaildutako militanteak behar ditu.