Auskalo (Astekaria 233. Editoriala)

2008/01/30

Berriki onartuak izan dira aurtengorako euskal administrazio ezberdinetako aurrekontuak, bai aldundietan eta gobernuetan ere. Nolako politika publikoak bideratu nahi direnerako funtsezko tresna bilakatu ohi dira aurrekontuak. Egia esan, normaltasunaren itxura emateko balioa ere badute. Begira bestela aurrekontuak onartzeke geratu diren urtetan zer gertatu den. Ezer berezirik ez. Aurrekoen epe luzapenean egon gara, besterik ez.

Administrazioen kudeaketarako tresna izateaz gain, bere oinarrian eta egituran beste adierazpide aberatsagoak, osoagoak irakur daitezke begi zorrotzez arreta jarriz gero atal ezberdinetan. Alde batetik, aurrekontuak onartzeko aritmetika politikoak  eskatzen duen gehiengoaren logikaz gainetik, eta herrialde bakoitzean alderdi arteko ordezkaritzaz gain, deigarria izan da oso aurtengoan eztabaida politikoaren muinean non kokatu den.

Zilegia zatekeen politika publikoen eskuin edo ezker alderako noranzkoaren eztabaida ez da inondik inora ageri. Oso bestelakoa izan da sakoneko eztabaida. Herrialde eta gobernu bakoitzean aurpegi ezberdinekin baina, ordezkaritzaren gehiengoarekin,  adostuak izan dira aurrekontuak. Aurkari politikoak, berdintsuak gehienetan, ez dute zailtasun handiegirik izan aurrekontuak onartzeko eta men egiteko aginteko alderdi nagusiei. Boterea eta agintea ukitu edo jarraitzeko asmoz kasu batzuetan, elkarrekiko mesedeak ordainetan pagatzeko bestetan, edota ustezko egonkortasuna bermatzeko arrazoietan kateaturik ibili dira alderdiak. Beren arteko egiazko negoziaketa honetan murgildu da.

Beste aldetik begira, aurrekontuen edukiei begira, zoritxarrez ez dago berrikuntza handirik. Gizarte politikak geroz eta ahulagoak ageri dira eta herritarren beharrak duintasunez asetzeko politikak nabari ezinagoak bilakatzen dira urte bakoitzero. Aurrekontuen eztabaidan ñabardura gutxirekin erantzun zion politikariak herritar bati bere giza beharrak asetzeko noiz arte itxaron behar zuen itaundu zionean: “Auskalo”.