Austeritatea politikarientzat pribatizatzea da
“Plan hau beharko lukeen kontrako norabidean doa erabat. Zergatik egiten du hau gobernu britainiarrak? Benetako arrazoia ideologian datza: kontserbadoreek defizitaren aitzakia erabiltzen dute ongizate-estatua murrizteko”, dio Krugmanek.
Gobernu britainiarra arlo publikoan hartzen ari den erabaki latzek ez dute zerikusirik bere ekonomiaren arazoekin; hauek ez dira konponduko lanpostu publikoak suntsituagatik. Buruzagi politiko britainiarren erabakiak itxuraz bakarrik dira neutroak; aitzitik, ideologia kontserbadoreak mugituta, ongizate-estatuaren kontrako erasorik gordinena mozorrotzen dute.
Joera berbera hartu dute Hego Euskal Herriko gobernuek. Lehenik soldatak murriztu zituzten; hau omen zen egin beharreko ekarpena, arlo pribatuan luzaz pairatzen ari ziren krisi egoera zela eta. Gero plantillak murrizten hasi ziren, plazak amortizatuz eta ordezkapenak zeharo gutxituz, bai EAEn, bai Nafarroan. Aurretik ere plantillak urriak ziren, eta eguneroko lanari ia aurre egin ezinean zeuden, batik bat osasungintzan eta irakaskuntzan; honek langileak mobilizatzera eraman ditu.
Erabakiok krisiaren aitzakiaz hartu ziren, baina argi dago ez dutela egoera hobetuko. Zergatik hartzen dituzte, orduan? Muturreko ideologia kapitalistaren fruitu direlako, eta honen helburua, zerbitzu publikoen zatirik handiena esku pribatuetan uztea.
Honen adibide dugu Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikoko sailburuordearen bitartez bere arloko langileen kontra egin nahi duen gurutzada. Eurek sinatu zuten Mahai Orokorreko akordioa, eta eurek hautsi zuten 5 hilabetera, soldatak jaitsi eta enplegu publikoa deuseztatuz. Orain beste zerbaitekin hasi dira, absentismoarekin. Datuak manipulatu egiten dituzte: absentismoa %10ekoa dela diote, baina gure datuen arabera benetan ez da %6ra iristen (gaixotasun, istripu edota amatasun bajak). Sailburuordeak langile publikoei buruz hitz egiten duenean hauek tranpatan ari direla dirudi: “legezko itxura duten sasi-baja ugari hartzen dituzte, abusu ugari ezkutatuz”. Horrelakoak esanda iraindu egiten dituzte egunez egun gogor lan egiten duten behargin hauek, baldintza gaitzetan ari baitira (bitarteko urriak, planifikazio eza eta era guztietako murrizketak medio).
Baina honek ez du axola, mezu faltsu hori –“funtzionarioak pribilegiatuak dira, garestiak eta langile txarrak; desagertu egin behar dute”- piskanaka finkatu egiten baita gizartean, erregulazio espedienteak, kaleratzeen mehatxua edota erreforma laboral basatia jasaten duen jendearengan.
Nafarroan ere arlo publikoan antzeko zerbait gertatzen da. Moderna Plana dugu gizarte elkarrizketaren azken ‘produktua’. Sinatzaileak: UPN eta PSN, Opus Dei, UGT eta CCOO. Hauen asmoa argia da, politika publiko jakin batzuren kudeaketa esku pribatuetan jartzea. Planak 2030. urteko Nafarroa marrazten du, eta hori gauzatzeko fundazio pribatu bat sortu dute, diru publikoz lagunduta. Moderna Planak, besteak beste, funtzio publikoaren izaera bera aldatu nahi du, eta “funtzionarioak bizi arteko izatea” galarazi.
ELAk bere Azterketa Bulegoaren txostenean hau jakitera eman zuenean polemika piztu zen, eta Cernin Martinez Nafarroako Gobernuko ekonomi-politika eta -sustapeneko zuzendariak esan zuenez “esaldi hori hankasartzea izan da”, baina halere “administrazioa errotik erreformatu beharra” dagoela ere gehitu zuen, eta galdera bota: “zergatik izan behar du lanpostu batek bizi arteko zerbait, guztion zergekin ordainduta?”. Dena dela, zioen Martinezek, “horrek ez du esan nahi berehala egingo denik; lanpostuen izaerari buruz hartzen diren erabakiek ez diete egungo funtzionarioei eragingo”.
Harritzekoa da zenbateko antza duten hitz hauek CEOEko buruzagi batzuk botatakoekin, hauek “funtzionario berriei enpresa pribatuan ohikoa den egonkortasuna aplikatzea” eskatzen baitute; berdin da osasun sisteman, irakaskuntzan, diru-laguntza, beka edota baimenak emateko lan egiten duten. Baina gogoratu beharra dago funtzionarioen lanpostua finkoa bada, berme bat izateko dela: arlo publikoari dagozkion gaiak askatasunez ebazteko segurtasuna, hots, interes politikoen menpe ez egotea.
Honen guztiaren jatorrian Hego Euskal Herriko gobernuen ideologia kontserbadorea dago. Hauek krisia aitzakiatzat erabiltzen dute eta arlo publikoaren irudia zikindu nahi dute, herritarrak langile hauen kontra jarri eta gero pribatizatu ahal izateko. Arlo publikoa erabat murriztuta, zerbitzuak emateko beharrak iraungo du, baina horiek pribatizatu eta azpikontraten bidez eskainiko dira; ondorioz, hauek ematen dituzten beharginen lan-baldintzak eta zerbitzuak berak okertu egingo dira.
Honelako etorkizuna ari dira taxutzen interes pribatuak eta hauen ordezkari gisa jokatzen duten politikariak. Baina ez zaie erraza gertatuko. Arlo publikoko milaka eta milaka langilek greba egin genuen maiatzaren 25ean, baita Hego Euskal Herrian ekainaren 29an deitu zen greba orokorra ere. Europan zehar gauza bat nabarmen ikusten da: erasoari aurre egiteko bide bakarra mobilizatzea da. Arlo publikoko zenbait langilek uste du “oraindik ez datoz nire kontra”. Horiei mezu bat eman nahi diegu: mobilizatu beharra dago, nork bere esparruan ahal duen neurrian, bestela “nire bila datozenean bakarrik egongo bainaiz”.
Izaskun Garikano
Gizalan-eko idazkari nagusia