Auzipetuak. (Astekaria 227. Editoriala)
Zenbait euskal buruzagi politikori irekitako ahozko epaiketak ezusteko handirik suposatu ez badu ere, horrek ez du samurtzen, inolaz ere, erabakiaren atzean dagoen bultzada politikoa. Antzeko egoeren aurrean irizpide ezberdinak erabiltze aldera bitarteko judizialak eginiko bideak bultzada politiko horren isla nabaria da.
Ez da bidezkoa, ez zuzena, eragile ezberdinen arteko elkarrizketa politikoa sustatu behar dutenak auzipetzea. Geroz eta hestuagoak dira ekinbide politikoa garatzeko euskal eragileei geratzen zaizkien zirrikitu apurrak. Azken denboratan bereziki, makina aldiz ikusi dugu biltze, adierazpen eta manifestazio eskubideak urratuak izan direla. Horregatik diogu berme demokratikorik gabeko egoeran gaudela.
Nola uler daiteke, beste euskal buruzagirekin batera, erkidego autonomoko ordezkari nagusia den lehendakaria auzipetzea elkarrizketa politikoa gauzatzeagatik? Zilegitasun demokratiko osoa egiaztaturik duten eragileek ez al dute, bada,herri honetan bizi dugun gatazka konpontzeko behar besteko ahaleginak egiteko gaitasunik?
Funtsean, Alderdien Legearen erabilerak halako estaldura eta babesa eskaintzen du iharduera politikoa eta ideiak auzipetzeko.Hari horretatik, adibide gisa ditugu Batasunaren hainbat buruzagi eta militante atxilotu izana; 18/98 auzia dela eta 52 lagun dira epaiaren zain, eta orain Lehendakaria bera ere auzipetzen da.
Ez gatoz bat lehendakariarekin gai askotan. Ez alde politikoan, ez arlo sozialean, ez eta bere gobernuko eguneroko kudeaketa moduan ere. Gure desadostasunak agerikoak eta publikoak izan dira, baina beti beharrezko begirune instituzionala gordeaz. Bestelakoa da, ordea, orain juzkuan dagoena. Euskal instituzioetako pertsonaia nagusia areriotzat hartu dute epaitegian eta bera epaitzearekin batera, bizi dugun egoera gatazkatsutik irteteko ahaleginetan ari garenok ere gara epaituak. Eskubide politikoen bermea dago auzian eta lehendakariak ordezkatzen duena ere. Horregatik defendatuko dugu lehendakaria honetan.