Aznarren benetako aurpegia
Aznarren gobernuak aitaren batean lege-dekretuz langabeziaren erreforma inposatu izanak lehenik Aznar beraren agintekeria adierazten du. Lege-dekretua berez salbuespenezko egoeretan erabil daiteke soilik, hark hitzetik hortzera darabilen Konstituzioaren arabera (“premiazko eta atzeratu ezineko beharrizanak”). Argi dago kasu honetan ez zegoela salbuespen prozedura erabiltzeko premiarik, eta izatekotan, Aznar beraren interes politikoek eragindakoa besterik ez zela. Baina beste hainbatetan bezala, Aznarrek garbi erakutsi du botere osoa berea duela: Gobernuaz gainera Parlamentua ere mendean dauka, eta aginte judiziala, berriz, neurrira moldatuta dago, izendapen politiko sistema ‘egoki’ bati esker.
Bigarrenik, egoerak erakutsi digu Aznarrek urteetan sindikatu espainolekin izan duen elkarrizketa giroa gezurrezkoa zela. Sindikatu horiek amore emateari uko egin diotenean, elkarrizketaren mozorroa alde batera utzi eta benetako izaera autoritarioa agertu du Aznarrek.
Gertatu denak ematen die zer hausnartua Espainiako sindikatuei. Izan ere, PPren gobernua eratzen ari den gizartea neoliberalismo gordinezkoa da, mugimendu sindikalak aldarrikatzen duen ereduaren kontrakoa.
Ahulezia eta menpekotasun ekonomikoak behartuta, UGT eta CC OOek –batik bat honek– denbora luzeegiz puztu dute elkarrizketa sozialaren mitoa. Mitoak, baina, eztanda egin du sindikatuok irmotasun apur bat izan dutenean. Kontua da orain zertan saiatuko ote diren: itxurazko elkarrizketa giroa berreskuratzen, edota gobernuaren asmo atzerakoien aurka egon daitezkeen beste indarrekin aliantzak osatzen. Hori da ekaineko grebaren aurretik eta ostean sindikatu espainolek hartzen duten jarrerak erakutsiko duena.