Babes osoa (Astekaria 241. Editoriala)

2008/04/10
Bere irabaziak neurririk gabe handitzeko oztopo bilakatzen den oro zigortu eta ezabatu nahi dute ugazabek. Hala erakutsi digute behin eta berriro, eta halaxe frogatu da gehien bat azken urteotako hazkunde ekonomikoa lagun izan duten garaian. Beste burutazioen artean, horixe da patronalak negoziazio kolektiboan darabilen jarrera. Bere etekinak banatzeko unean berekoikeria da nagusi eta aurre egiteko prestutasuna agertzen duen edonori hortzak erakutsi eta zigor bidean jartzen dute bitarteko guztiak erabiliaz

Harrigarria bada ere, horixe bera gertatu da oinarria duela sei urte Bizkaiko Hormigoi eta Harrobietako lan hitzarmenaren inguruan sortutako istiluekin. Nola liteke negoziaketa prozesu horretan patronalak legea modu askotara hautsi eta errudunak, aldiz, sektoreko bi militanteak deklaratu? Negoziazio mahaia, legez kanpo, gutxiengo sindikalarekin osatu izana Langileen Estatutuaren araudia bortxatuz; gutxiengo horrekin akordioa sinatzerakoan zilegitasunik ez zuen ituna legeztatu nahi izan zuenean; edota horrelako jokamoldearen aurrean, grebara deituaz, bere eskubideak defendatzeko oldartu ziren langileak mehatxatu eta greba ez legezkoa zela iragarri zuen patronala berbera ez al da errudun? Nork hautsi ditu joko arauak, nork negoziazioak behar duen uste ona?

Aginteak topatzen ditu bai, ahaldunen mesederako zirrikitu eta trikimailuak lege ezberdinen hausturak harrapa ez ditzan. Bestalde, bere eskubideak urraturik, lan baldintza duinagoen alde borrokatzeagatik langileak zigortuak izan ohi dira, babesik gabe utzi ohi ditu aginteak. Sindikatua osatzen dugunok, bereziki garbi dugu elkar babesa ezinbestekoa zaigula, hain zuzen aginteak ukatzen diguna lankide artean bakarrik topa dezakegulako. Militanteen epaiketa eta zigorra sindikatu osoarena bilakatzen da eta sindikatuak militanteak babesten ditu. Errebindikazioa ekimen sindikalaren erdian kokatu duen sindikal ereduak jasango ditu honako erasoak, baina militanteak zaindu eta babestuko ditu sindikatuak, babes osoa izango dute.