Bada garaia (Astekaria 243. Editoriala)
Lan osasuna eta segurtasuna aldarrikatzeko nazioartean izendaturiko eguna apirilaren 28koa bada ere, zoritxarrez eguneroko jardunean beharturik gaude, egoerak hala agintzen duelako, aldarrikapen hori gure ekimen sindikalaren erdi-erdian kokatzera. Legeak betetzen ez diren kasuak erruz ematen dira, osasuna zaintzeko lan arriskuei aurrea hartzeko plangintzarik ez dago askotan eta ikuskaritzak ez du bere papera eraginkortasunez betetzen. Salagarria bada makina enpresarien arduragabekeria eta zuzeneko erantzukizuna ezartzen dituzten lan baldintza okerrengatik, are eta gehiago oraindik esan genezake administrazioaren jokamoldeaz.
Bien bitartean, langileak odolustu doaz etengabe era askotara: gaixotasun profesionalak onartzen ez direlako, aurreikuspen planak gauzatzen ez direlako, azpi-kontratazioa eta langileen prestakuntza ezak eragiten dituzten lan istripuek gorakada nabarmena izan dutelako...Eta heriotzak, etengabe lan istripuetan eragiten diren heriotzak. Iazko datuetan ehunetik gora luze izan dira Euskal Herrian hildako langileak. Horietako bakoitza, banan bana harturik nahikoa beharko luke sistema berrikusteko, eta benetan neurri eraginkorrak aplikatzeko. Bere osotasunean harturik, langileek jasaten duten zapalketaren beste adierazle nabaria da, klase interesen borrokan ahaldunek ezartzen duten zapalketa, hain zuzen. Beraz, bada garaia odoluste honekin bukatzeko.