Badago zertan aplikatu (Astekaria 245. Editoriala)
Hainbat alditan berretsi badugu ere, oztopo eta enbarazu bihurtzen dira ETAren ekimenak aldaketa politiko eta soziala nahi dugunon artean elkarlanerako bidean urratsak ematen joateko. Etengabeko zurrunbiloan murgilduta, muturreko jarrerak baino ez dira ageri, bestelako eremu zibil eta demokratikoaren lankidetza aukerak urritzen direlarik. Ez gaude ados lankidetza horren aukerak zapuzten duen estrategiarekin. Herri honen eskubideen alde lan egiteko, jendea, gizartea konbentzitu egin behar da eta bere atxikimendu librea lortu. Ez dago proiektu horretan beharrezko ilusioa sortuko duen bestelako biderik eta lanbiderik.
Ez gaude ados, inolaz ere, terrorismoaren aurka estatuko alderdiek gorpuztu duten itunarekin ez eta hortik eratorri diren hainbat eskubideen urraketarekin. Ugariak izan dira azkenaldian ere estrategia horren pean hartutako bidegabeko erabakiak; horien ondorioz eskubide zibil eta politikoen esparrua murriztu egin da, nagusiki zilegitasun demokratiko osoa duen espresiobide politiko baten zigortze bidean.
Ez da gure jarrera, konpromisoetatik urrundu nahian, kalkulu jakin bateko oreka puntua bilatzeko ariketa. Aldiz, bi mutur horien arteko kokagune estrategikoa dagoela deritzogu, landu eta jorratzeko dagoen kokagune estrategikoa alegia. Abertzaleen arteko indarrak demokratikoki bil-tzeko eta gure indar korrelazio handitzeko parada ezin hobea eskaintzen digun eremua da hori. Badaukagu zertan aplikatu eremua zabaldu eta sendotu nahi badugu, bizi dugun gatazka politikoari irteerak bilatu nahi badizkiogu, behintzat.