Baina zuk, ba al dakizu zerbait?
Ez da lehenengoa eta, zoritxarrez, ez da azkena izango. Dirudienez, ni bezalako emakume bat ikustean, hau da, jatorri atzerritarra, gaztea, azal beltzarana eta azentu desberdina duena, afiliatu batzuek uste dute zalantzan jarri dezaketela nire balioa, baita sindikatuak eskaini didan lanpostuan aritzeko nire gaitasuna ere.
Lehengo lanpostuan gauza bera gertatzen zen. Behin kristalezko bulego batean eserita nengoen beste afiliatu batekin hitz egiteko zain. Garai hartan, Zerbitzuak federazioko arduraduna nintzen, eta, besteak beste, eskualdeko garbikuntza sektoreaz arduratzen nintzen. Sarreran zegoen lankideak deitu zidan. Afiliatu bat galdezka ari zen ea nor zen garbikuntzako arduraduna. Sar zedila esan nion. Sarrerako lankideak azaldu zion non nengoen. Bada, jira eta bira ibili zen nire mahaiari begira. Agurtzen saiatu nintzen, baina alde egin zuen; itzuli eta berriro urrundu zen. Nire lankidearengana bueltatu zen eta esan zion ez zuela arduraduna aurkitu. Berak azaldu behar izan zion ni neu nintzela arduraduna.
Bi adibide baino ez dira, baina “ezkutuko edo isileko arrazakeria” islatzen duten beste pasarte asko kontatu ditzaket. Arrazakeria mota hori ulertzeko, iceberg baten irudiari egingo diot erreferentzia. Izotzezko mendi bat da, itsasoan flotatzen dago, eta haren zortziren bat baino ez da uretatik irteten. Hau da, %88 inguru ezkutuan dago edo ikusezina da. Icebergaren antzera, arrazakeriaren ehuneko handiena isilekoa da, subkontziente kolektiboan sartuta dago, batzuetan eraso zuzena da; beste batzuetan, zeharkakoa. Modu inkontzientean sortzen da, pribilegioak betikotzeko helburuarekin. Kasu honetan, pribilegio zuri, maskulinoa eta heteropatriarkala.
Dirudienez, arrazializatutako pertsonei (batez ere emakumeei) espazio bat, okupazio bat eta ezaugarri jakin batzuk esleitzen zaizkigu, eta estigma horrek diskriminazio eragiten du. Badirudi pribilegio ikusezin horiek naturalak direla, onartu behar ditugula. Ondorioz, arrazakeria normalizatu egiten da gizartean. Gauzak horrela, hegoalde globalean sustraiak ditugunok ezin dugu kualifikazio, edo erantzukizun altuko lanposturik bete. Antzeko egoerak bizi izan dituzte beste emakume arrazializatu askok, eta hala partekatu dugu hainbat solasaldi eta topaketetan. Hortaz, bizipen kolektiboak dira, bizi dugun mundu arrazistaren egituraren parte.
Mekanismo arrazistaren ondorio gaiztoetako bat da hezkuntza eta lan-testuinguruetako pribilegioak normalizatzea, eta ondorioz, pribilegio horiek betikotzea. Beraz, zenbait ikasketa, prestakuntza, gaitasun eta lanpostu pertsona zurientzat daude erreserbatuta.
Horretaz guztiaz ez zara jabetzen zuk zeuk lehenengo pertsonan bizi arte. Gauza bera gertatzen da gizonak ez direnean jabetzen emakumeok jasaten ditugun indarkeriaz, haiek ez dituztelako jasaten. Era berean, ez bazara pertsona arrazializatua, ezinezkoa da erabat ulertzea nola bizi dugun diskriminazio eta indarkeria mota hori.
Honen aurrean neure buruari galdetzen diot: zer egin dezakegu mekanismo arrazistaren partaide eta konplize ez izateko? Autoanalisia egin daiteke pribilegio horietaz jabetzeko? Denok geure gain hartuko bagenitu pribilegioak ikusarazteko erantzukizuna, kapazagoak ginateke pribilegio horiei aurre egiteko, eta ondorioz, gizarte justuagoa eraikitzeko.