Batasuna desmobilizatzeko aitzakia bihurtzen denean

2013/05/27
“Greba orokorra ez da bateratua” entzun ohi da argudio gisa. Bitxia da kontua, murrizten ari den eskuinak ere mobilizazioari eraso egiten baitio aitzakia horrekin. Baina zer axola dio, bada, eskuinari, batasun sindikalak? CCOOei eta UGTri dei egin diegu greban egon zitezen.

Eta ezezkoa eman digute. Ez da pozgarria. Zergatik ez dute sindikatu horiek greba egin nahi, soziala den guztia sekulako erasoa jasaten ari denean? Zer dela eta hartzen dute batasunaren aitzakia mobilizazioa zikintzeko? Erantzun bat emate aldera CCOOen eta UGTren azken urratsak aztertu behar dira.

PENTSIOAK. 2011ko urtarrilean Zapaterorekin erreforma hitzartu zuten; besteak beste, erreforma hark erretiro adina 67 urtera arte atzeratzea ekarriko du, eta “iraunkortasun faktorea” ezarri zuen. PPk beste erreforma bat gehiago egin du, hura hankaz gora bota duena, eta iragarri duenez, urtea amaitzerako beste bat egiteko asmotan dabil, askoz gogorragoa, sindikatu horiek adostu zuten “iraunkortasun faktorea” oinarritzat hartuta. PPk erreforma honetarako bi helburu nagusi ditu, erretiro adina are gehiago atzeratzea, 67 urtetik harago, lehenik, eta pentsioa zeharo murrizteko formulak finkatzea, bigarrenik. Popularrek lan hau egiteko sortu duten “aditu batzorde” delakoan CCOOeko kide bat ere badago, finantza sektoreko ordezkariekin batera. Zer galdu zaio sindikatu bati batzorde horretan?

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA. Aipatutako sindikatuek 2011an Negoziazio Kolektiboko Akordioa (ANC) sinatu zuten. Han esaten zen “soldatak dira enpresen lehiakortasun galeraren arduradun”, eta soldata igoerak ez zutela %0,6 gainditu behar (inflazioa %3an zegoelarik). Akordio harekin Rajoyren erreforma laborala ekidin nahi omen zuten, baina ez zuten halakorik lortu. Duela gutxi CEOEk zirkular batean zioen akordio horretan finkatutako mugek patronala “ez dutela behartzen”, enpresei gomendatzen zien “soldatak izoztu edo murriztu” ditzatela, eta Rajoyk opari eman dien erreformaz balia daitezela “hitzarmenak goitik behera aldatzeko”. CCOOek eta UGTk setaz diote negoziazio kolektiboan dagoen blokeoa gainditzeko irtenbidea antzeko akordioak direla, Lanbidearteko Akordioen gisakoak alegia. Baina, halakoek patronala behartzen ez badute... zertarako egiten dira?

EKINTZAILETZA ETA GAZTEEN ENPLEGURAKO ESTRATEGIA. Rajoyk plan hau Moncloako jauregian aurkeztu zuen. CCOO eta UGT ere han izan ziren, eta esan zuten ekitaldi hark “datorren aldirako elkarrizketa sozialaren agenda” baldintzatu behar zuela. Zein da Planaren mamia? Lanaldi partzialeko enplegua hedatzen du, diru publikoz lagunduta. Enplegu hauetan soldata oso txarrak ordaintzen dira, enplegu duina prekarioek ordezka dezaten. Gainera, formazio kontratuak “erreformatu” egiten dira, eta izatez beste kontratu prekario mota bat bihurtzen dituzte. Beraz, plan honen xedea gazteen prekarietatea orokortzea da. Zer galdu zaie CCOOei eta UGTri Rajoyrekin egindako argazki honetan?

ELKARRIZKETA SOZIALA. Estatuan ez dago “elkarrizketa sozial”ik. Politika erabat unilaterala da, inoiz baino areago. Eta estatu mailan ez badago, zergatik egongo da Gasteizen edo Iruñean, bertoko gobernuek PPren jarraipena egiten badute? Konstituzioa aldatu eta Aurrekontuen Egonkortasun Legea egin zuten estatu guztian zehar politika berbera egin zedin, PPren politika. Emaitza: gobernuan dauden alderdiak aldatzen dira, baina ez egiten duten politika.

Patxi Lopezekin, CCOO eta UGT mahai haien inguruan eseri ziren; Nafarroan Moderna Planaren protagonista izan dira. Orain, Gasteizko gobernura EAJ iritsi denean, jarraipena eman nahi diote “elkarrizketa sozial”eko mahaiei. Zergatik deitzen diote oraindik “elkarrizketa sozial” itxura hutsa den antzezpen horri? Zer dela eta daude oraindik mahai horren inguruan, langile-klaseari axola zaion guztia hortik kanpo erabakitzen den arren? Ez, noski, politikan eragiten dutelako. Beraz, zergatik?Aurrekontu publikoekiko duten menpekotasunagatik. Sindikatu batek gobernuen politika juzkatzeko duen askatasuna bere finantz-autonomiak ematen du. Hau eredu sindikalei buruzko debatean oinarrizko kontua da.

BILERA RAJOYREKIN. Joan den apirilaren 26an Rajoyk erreforma eta murrizketak iragarri zituen berriro (pentsioetan, lege laboraletan, langabeziaren araudian…). CCOOek eta UGTk berretsi dute Rajoyrekin beste bilera bat izango dutela maiatzaren 16an. Zer jakinarazi nahi dute honelako bilerekin? Rajoyk, bederen, mobilizazio soziala hozteko erabiltzen ditu.

AKORDIO TXARRARI, OKERRAGOA. Gogorra izanagatik, sindikalismoa juzkatzeko neurria ez da murrizketa eta erreformak ezartzen diren edo ez, hauek geldiarazteko gauza zenbateraino den, alegia. Izan ere, politika, baita legea ere, unean-uneko indar-erlazioaren fruitu edo ondorio da, eta eskuin ekonomikoak politika guztia oso eskuinera eraman du. Eta hemen dator benetan lazgarria dena, sindikatu batzuk botere politikoa lerratze horretan laguntzea. Kontu bat da erasoak geldiarazteko ezinean egotea, eta beste kontu bat, oso desberdina, botereari babesa eman eta gatazka soziala desklasatzea.

CCOOek eta UGTk betetzeko ez diren akordioak sinatzen dituzte (pentsioak, ANC...); eta betetzen ez direnean, are okerragoak diren hitzarmenak bilatzen dituzte. Esan gabe doa horrelakoak egiteko ez zaiela burutik pasatzen gainerako sindikatuekin hitz egitea. “Batasun eza”, “zatiketa”, soilik mobilizatzera deitzen dugunean ahotan hartzen duten argudio demagogikoa izan ohi da.

BATASUNA, NOSKI; KALERA ATERA ETA ERANTZUTEKO. Zertarako da batasuna? Gizartea lokartzeko? Gure aburuz, ez; batasuna kalera atera eta erasoa geldiarazteko da; bizitza politiko eta demokratikoaren erregenerazioa exijitzeko; politika sozialei, enplegu duinari, soldaten defentsari eta solidaritateari hauspoa emateko.

Deigarria da ezkerraren zati batek -ez soilik espainiarrak- batasun sindikala aurrebaldintza absolutu gisa erabiltzea, programei gailentzen zaien baldintza, eta kritika objektiborik egiteko gauza ez izatea: zerk galarazten dio mugimendu sindikalari diktadura ekonomiko honi bat eginda aurre egitea? Diktadura honek demokraziak, eskubide sozialak eta eskubide laboralak hartzen ditu hankapean, eta honez gero mugimendu sindikalak ere traba egiten dio.

 

Patxi Agirrezabala

ELAko Komunikazio arduraduna