Belgikak xake egin dio CETAri!

2016/10/24
Ustez berreste-prozesu lasaia izan behar zena zailduz doa unetik unera. CETA Ekonomiaren eta Merkataritzaren Itun Orokorra da Europako Batasunaren eta Kanadaren artean. Iritzi publikoak berari erreparatu orduko, isilpeko negoziazioa buruturik zegoen, eta izenpetze formala urriaren 27an egin behar zen, EBaren eta Kanadaren arteko gailurrean, Bruselan.

Dena dela, gailur hori arriskuan dago, Belgikak airean dauka EBaren apustu estrategikoa, merkataritza-arloko itunen arloan. Belgikak ezin du CETA sinatu, Valoniako parlamentuak horretarako baimenik eman ez diolako. Batasuneko beste estatu batzuk ere erreparoak jartzen hasita daude.

CETA, TTIPren parekoa, bazegoen negoziaturik gu konturatu orduko, eta itunaren edukia ukiezina zen. Ordurako, izenpetzea eta berrestea besterik ez zen behar. Baina TTIPren gainean egin den kritika eta gizarte-presioa nahikoak izan dira CETAren garaipenezko martxa zapuzteko.

Lehenengo, akordio misto gisa hartu behar izan zuen Europako Batzordeak, gizarte-presioa gero eta handiagoaren ondorioz. Hori dela-eta, EBeko 28 estatuek berretsi behar dute, guztira 40 parlamentuk berretsi behar dute —estatuetakoek, erregioetakoek eta europarrak—. EBaren erabateko eskumeneko akordioa izan balitz, Europako Kontseiluak eta Parlamentuak onetsi beharko luketen soilik. Honez gero, mobilizazioen eta kanpainen lehen garaipena izan da.

Gero, zenbait gobernuren kritikak ere iritsi dira, herrialde askotan burutu diren mobilizazio eta kanpaina ugarien bultzadaz. Hori horrela, EBak eta Kanadak adierazpen gehigarri bat txertatu behar izan dute itunaren testuan, punturik eztabaidatuenei erantzuna eman nahian. Hala ere, adierazpen horretatik jakitera eman dena ez da gogobetegarria izan denentzat. Batzuentzat, “politikoki zuzena” delakora itzuli nahi dutenentzat, adierazpenak errazten du itunaren onarpena; baina antolakunde sozial eta sindikalentzat, herri-mugimenduentzat... itunen aurkako kanpainen eragile nagusientzat adierazpen horrek ez du ezer aldatu.

Balioespen berdintsua egin du Valoniako Parlamentuak, eta orain dela zenbait hilabete CETAri eman zion ezetza berretsi egin du. Eta, beraz, Belgikako Gobernuak ezin du ituna sinatu. Belgikak sinatzen ez badu, EBak ezin du sinatu. Eta sinadurarik gabe, ez dago itunik.

Halarik ere, eta espero izatekoa zenez, Belgikaren eta Valoniaren gaineko presioa eginez hasi dira, eta ez dago zalantzarik “in crescendo” joango direla, ez baita makala jokoan dagoena.

Gure esku dago itun hori geldiaraztea; izenpetzea eragozterik ez badugu, estatu kideek egin behar duten ondoko berrespena eragozten saiatuko gara.

Milaka langile eta herritar mobilizatzen ari dira egun hauetan europar gobernuak eta erakundeak presionatzeko, eta negoziazioen behin betiko blokeoa lortzeko.

Guk ere bat egingo dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta “TTIP-CETA gelditu” kanpainatik antolaturiko mobilizazioekin, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñan, azaroaren 5ean, egingo diren mobilizazioekin.

Garaiz gaude itun horiek geldiarazteko! Gure etorkizuna horren menpe dago!

TTIP - CETA GELDITU!!!!