Benetako babes soziala behar dugu

2020/04/04
Mikel Noval - ELAko Gizarte Politiken arduraduna
Egunotan osasuna bermatzeaz gainera, beharrezkoa da laguntza sozial eta ekonomikoen inguruko eztabaida egitea. Salbuespen egoera ari gara bizitzen, baita komunikazio arloan ere. Botere publiko eta instituzionalek jendarteari ematen zaion informazioaren monopolioa bilatzen dute. Bakartze fisikoari ezin zaio bakartze komunikatiboa gehitu.

2008ko krisia ez da alferrik igaro. Eman zioten irtenbideak murrizketa gehiago ekarri zuen, eskubide laboral eta sozialei zein askatasun demokratikoei dagokienez. Ondorioz, prekarietate handiagoa lan arloan eta sozialean, baita desberdintasun handiagoa ere. Aberatsak are aberatsago irten ziren, eta gero eta jende gehiago bizirauteko ahaleginak egiten, dena galdu zuelarik, baita etxebizitza ere; etxegabetzeak ohiko bihurtu ziren. Defizit publikoa asko hazi zen (bankuen erreskatea eta zerga-bilketak izan zuen jaitsiera medio, errenta altuei, enpresei eta kapitalari gutxiago ordainarazi zietelako); era guztietako murrizketak egin zituzten herritar gehienen kaltetan.

Orain bizi dugun egoerak bi eratako erantzunak eskatzen ditu: berehalakoak eta epe luzekoak. Berehalakoak begi bistan ditugu: derrigor gehitu behar dira baliabideak osasun sistema publikorako, honek azken hamarraldian mozketa latzak pairatu baititu. Espainiar gobernuak martxoaren 31n Errege Lege-Dekretu bat argitaratu zuen, “ezkutu sozial” izenekoa, beste erabaki batzuekin batera, esaterako ezinbesteko egoeragatiko ERTEak erraztea edota enpresentzako abaletarako 100.000 milioi euro ematea.

Unean uneko erantzun honek badu kutsu soziala, baina oso mugatua, martxoaren 31n onartu zenaren xehetasunei erreparatuz gero:

  • Etxegabetzeen etenaldia 6 hilabetez; hau beharrezkoa da, baina urte erdiko epe horretara mugatuta dago eta “familia zaurgarriak” soilik izango dira onuradunak; beraz, egunotan lan kontratua eten edo amaitu zaien gehienak neurri honetatik kanpo geratuko dira.
  • Alokairuen ordainaren atzerapenak, berriz, bermatzen du etxebizitzen jabeek errenta jasoko dutela, berdin da pertsona fisiko ala funts handiak izan. Itxuraz benetan erreskatatu nahi dituztenak jabeak dira. Enplegurik edo diru-sarrerarik gabe geratzen direnek ordainaren atzerapena negoziatu behar dute edota bankuei mailegu bat eskatu, zeina Estatuak bermatuko duen. Beti ere ordaindu beharra dago, eta batzuk edozein kasutan kobratuko dute. Are okerragoa da “ugazabek” etxebizitza asko badituzte (10etik gora) euren esku uzten dela %50eko kita edo ordainketa atzeratua hautatzea.
  • Ohiko etxebizitzarako oinarrizko hornikuntzak eteteko debekua soil-soilik alarma egoerak irauten duen artean izango da indarrean.
  • Ohiz kanpoko laguntza bat ezarri da etxeko langileentzat, Covid-19a medio (hau da, egunotan) lana galtzen badute. Zenbatekoa, oinarri arautzailearen %70, eta gehienez LGS adina, aparteko pagak kenduta. Oso urria da, une baterako besterik ez eta kolektiboaren zati handi bat laguntzarik gabe utziko du.
  • Salbuespenezko langabezia laguntza bat sortuko da, aldi baterako kontratua amaitzen den kasuetarako. IPREMaren %80 ordainduko da (430 euro), hilabetez soilik, gutxienik bi hilabeteko kontratua zutenentzat, alarma egoera ezarri eta gero bukatu den kasuetan. Beraz, oso laguntza mugatua.

Ezkutu soziala sortzen ari dena baino askoz handiagoa izan behar da. Ez dute argitu neurriok gauzatzeko zenbat diru bideratuko duen espainiar gobernuak, baina noski enpresen esku jarriko dena baino askoz gutxiago izango da.

Bestalde, Europar Batasunak gero eta solidaritate gutxiago agertzen du. Europako Banku Zentrala aurreko krisian hartu zuen ildo beretik doa: bankuak eta enpresa handiak salbatu, likidezia txorrotada bat irekiz interes-tasa negatiboekin eta zorra erosteko programa erraldoiekin. Finantza ministroek hitzartu dute aurten alde batera utzi ahal izango direla defizit edo gastu-arauari buruzko irizpideak, baina 2021etik aurrera berriz haiei eutsi beharrean izango garela; honek gero eta sakonagoa egiten du langile-klasean eta gehiengo sozialean Europar Batasunaren aurkako iritzia.

Defizit publikoa hazi egingo da; are gehiago haziko litzateke benetako ezkutu sozial bat aplikatuko balitz, zeinak lehenetsiko lukeen bizitza eta zaintza: zerbitzu publikoak indartzea; gizarte-prestazioak; sare produktiboaren berrorientazio sozial eta ekologikoa… Honek guztiak inbertsio publiko handia eskatzen du.

Epe ertainean ezkutu sozial hori sortu ezean (zeinak eskatzen duen Europar Batasunaren austeritate arauak haustea eta zerga gehiago ordainaraztea errenta altuei, enpresei eta kapitalei) 2008ko krisiaren ondoren ezarri ziren errezeta berberak etorriko dira (murrizketak eta Troikaren politikak). Gaur, itxura soziala eman nahi badiote ere, bigarren bide horretatik hasi gara joaten. 

Baina baliatu egin behar dugu azken hamar urteetan ikasi duguna eta publikoa eta komuna denaren balioa frogatu izana, oinarrizko sektoreetako lanaren garrantziarekin batera (osasungintza, zaintza, garbitasuna, elikagaiak, etxeko langileak…), hortik aurrera politikak goitik behera aldatzeko, ezkutu soziala zinezkoa izan dadila lortzeko eta politika austerizidak behin betiko baztertzeko.