Berri onak (Astekaria 190. Editoriala)
Duela bi aste eskas, bake prozesuaren osasunaren inguruan kezkatuta egoteko arrazoirik ez zitzaigun falta. ETAk su-etena iragarri zuenetik, hain zuzen, Espainiako gobernuak egin duen gauza bakarra egoera berriaren egiaztapena izan da. Aldi berean, eragile politikoen diskurtsoak oso nahasiak agertu dira asteotan. Eta bitartean ere, errepresioa ez da gelditu estatuaren botereen aldetik: Grande-Marlaska epaileak Batasunako mahai nazionaleko zortzi kide deitu zituen pasa den hilean Auzitegi Nazionalean fiskalaren eraginez; eta pasa den astean bertan Jose Antonio Urrutikoetxearen balizko atxilotzeaz ere hitzegiten hasiak ziren batzuk. Urduri jartzeko arrazoiak baziren, beraz.
Azken egunotan, ordea, zenbait mugimendu gertatu dira. Batetik, PSE-EEko idazkari nagusia den Patxi Lopezek esan du aurki bilduko dela Batasunarekin. Bestetik, Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuko presidenteak esan du desmilitarizazio prozesua burutu aurretik ere elkarrizketa politikoari hasiera emateko aukera izango dela. Prozesu judizialei dagokionez, azkenik, mahai nazionaleko kideak ez dituzte espetxera sartu, besteak beste, fiskalak atzera egin duelako. Keinu honen inguruan nolabaiteko bultzada politikoa dagoela argi dago.
Batzuk egutegiaz ere hasi dira hitzegiten. Horrela, diotenez litekeena da azarorako mahai politiko bat osatzea. Udan zenbait preso Euskal Herrira hurbilduko dituztela ere entzuten ari gara. Eta alderdi sozialistaren unibertsoko prentsa idatzian Batasunaren legalizazioa urtea bukatu baino lehen ere emango dela esaten ari dira.
Keinuak dira, bai, oraingoz, baina berri onak ere bai. Badaude oraindik, egia da, kezkatzeko gauzak. Argitzeko dago pasa den ostegunean bertan Grande-Marlaskak Batasunaren prentsaurreko bat zergatik debekatu zuen, dagoeneko horrelako beste hogei ekitaldi burutu dituelarik legez kanpo utzi zuenetik.
ELAk askotan aipatu izan du euskal gatazkaren muina konpontzeko mahai politikoaren desegokitasuna. Baina ez litzateke gutxi elkarrizketa politiko batek, adibidez, ilegalizazioarekin eta itun antiterroristarekin behingoz bukatzeko balioko balu.
Berri onak behar genituen, eta izan ditugu pasa den astean. Ea horrela jarraitzen dugun.