Betoaz. (Astekaria 178. Editoriala)
Ibarretxe lehendakariak gatazka politikoaz arituko den mahaiaren arauei buruz egin duen hausnarketarekin bete-betean asmatu duelauste dugu. Gatazka politikoari eman behar zaion konponbideak sentsibilitate guztiak errespetatu behar ditu, baina ezin zaio inori gehiengoak babestutako soluzioa eragozteko eskubiderik onartu, PSEren agiri politikoak nahi duen bezala. Hori, gutxiengoari, gehiengoaren borondateari betoa jartzeko eskubidea onartzea litzateke.
Beste kontu bat da balizko mahai horretan eseriko diren alderdiek, edo alderdi batzuk, mahaiak gehiengoz erabaki dezakeenari buruz elkarri eman diezaioketeen bermearena. Hori bakoitzaren aukera eta erantzukizun politikoa izango da, baino ezingo du mahaiak gehiengoz erabakitzeko duen eskubidea indargabetu. Hori da demokraziaren araua, eta kontrakoa, inposaketa, gutxiengoarekiko errespetuz mozorrotzen bada ere.
Partida hau, bakoitzak herriak eman dion zilegitasun demokratikoarekin jokatu behar du, ez gutxiagorekin, baina ez gehiagorekin ere. Denek onartzen dute ETAri ez dagokiola negoziazio politikoan eragiterik. Anoetako proposamenaren balio handiko ekarpena izan zen hori, erakunde armatuak berak ere ontzat eman zuena. Baina ez da ETA negoziazio politikoaren izaera demokratikoa desitxuratu zezakeen Zumosol lehengusu bakarra. Estatua da, bere indar egitura izugarriarekin, negoziazio mahai horren jarduera demokratikoa gaur zapuztu dezakeena; gutxiengo demokratikoak benetan gutxiengo suertatzen badira- gehiengoaren nahia eragozteko, berriz ere, erabili nahi duen lehengusu erraldoi larderiatsua.
Aurrikusi dezakegu mahaiaren eginkizuna ez dela berez joango, traba eta korapiloz betetako langintza izango dela. Badu, baina, mahaiak trabak gainditzeko tresna aproposa; herri galdeketarena, alegia. Zergatik ez eman hitza herriari prozesuaren emaitza epaitu, edota prozesuan zehar sor daitezkeen korapiloak askatzeko?
Herriari galdetzea, hori litzateke demokratikoa; bestea, beto eskubidearena, demokraziaz, gutxiengoaren errespetuz edo pragmatismoz jantzita ere, botere faktikoen inposaketa.