Bide berdinetatik (Astekaria 235. Editoriala)
Abiadura handiz azkartu da azken boladan espainiar estatuak daraman jazarpen politikoaren lasterketa itogarria. Estatutik zuzentzen den jazarpena, ezbairik gabe, politikoa da eta bere garro luzeaz eremu ezberdinetara iritsi da, beretzako duen bitarteko andana erabiliaz. Gune politikoak, sozialak, kultur aldekoak, komunikabideak eta abar susmopean egotetik kondenatuak izatera iritsi dira.
Bide berdinetatik urratsak emanez frantziar estatuko terrorismoaren aurkako epaile bereziak estimu handia eta oso gertukoa dugun Txetx lankidea atxilotzea erabaki du, beste militante okzitaniar batekin batera. Iparraldean politikoki, gai sozialetan, herri mugimendutan, laborarien artean, eta beste arloetan ere ezinbesteko erreferentzia hurbila bilakatu da Txetx.
Bere bereak dituen lanerako joerak, taldeak antolatzeko abilezia eta, bertako gizartearen ezagutzaz probesturik, hausnarketarako gaitasunak eta dohainak, beti izan dira ezaugarri bere lanean. Abertzaletasunaren militantea izaki, jendartearen sostengu eta sustatzaile porrokatua da. Horregatik ere atxilotu dute. Iparraldean ere gertu ditugun hauteskunde aurrean, ez dezagun ahaztu, abertzaletasuna izutu eta isilarazi nahi dute. Bera ez da ordea bezatu eta makur otzandurik geratzen diren horietakoa.
Bestelako gizarte baten aldeko hautua eginez, Euskal Herriko eskubide politiko eta sozialen aldeko aitortzan grina berezia erakutsi du, beti ere ezberdinen arteko ekarpenak kontutan hartuz eta lan molde zibilak eta demokratikoak bultzatuz. Horrexek berak ematen dio beldur handien frantziar estatuari eta so erreparatzen dio herri kontzientzia esnarazten murgiltzen denari.
Eskertzekoa da bestetik epailearen agindua jakin bezain pronto salaketa ekitaldi ezberdinetan partehartze zabala eta plurala. Denek ere lehenbailehen kargurik gabe aska dezaten eta bere lanean jarraitzeko bakean utz dezaten exijituaz. ELAko miltantziak ere gauza bera exijitu du gure artean gero baino lehen egon dadin.