Bolkestein zuzentaraua gabe, askoz hobe!
Bolkestein zuzentaraua onartu da Europako Parlamentuan. Europar Batasunaren baitako zerbitzu publiko zein pribatuen desarautzea helburu duen zuzentarauak aldeko 394 bozka jaso zituen, kontrako bozkak 215 eta abstentzioak 33 izan ziren bitartean. Honenbestez, 2004ko urtarrilean Europako Batzordeak proposaturiko proiektuaren onarpenerako lehenengo urratsa egin da. Proiektu hau Europako Batasuneko sindikatu zein gizarte mugimenduek kritikatu dute, eta Europako gizartearen arbuioa jaso du. Honen adierazpenik garbiena 2005eko maiatzean Europako Itun Konstituzionalak Estatu frantziarrean jasotako ezezko garbia izan da.
Erabateko arbuioa medio, haserako proiektuari aldaketa garrantzitsuak egin behar izan dizkiote, eta Evelyne Gebhart parlamentariak, egungo proiektuaren arduradunak, egungo testua hasierakoarekin antzekotasun urria duela adierazi behar izan du.
Zalantzarik gabe, adierazi beharra dago testuan emaniko aldaketa hauek zuzentaraua ezagutzera eman zenetik, sindikatu zein gizarte mugimenduek Europa mailan eginiko presio sozialaren fruitu direla, eta proiektu hauen aurkako borroka beharrezkoa izateaz gain, erabilgarria ere badela ematen dute aditzera: azken finean, testuan emaniko aldaketak gizarte mobilizazioaren emaitza dira. Zentzu berean ulertu beharra dago diputatu sozialista frantziarrek testu berrituari baiezkorik eman ez izana, ez zekitelako nola azaldu etxera itzultzean.
Hala ere, argi izan beharra dugu zuzentaraua onartua izan dela, eta berriro ere, merkatuaren liberalizazioaren irizpidea inposatu dela Europako Parlamentuan ( eskatzen dugun harmonizazio sozial eta fiskala baztertuz). Zuzentarauaren elementurik erasokorrenak, hala nola, jatorrizko herrialdearen printzipioak edota beste batzuk moldatu izanak eta salbuespenen zerrenda handitu izanak (nahiz eta zerbitzu publiko ezberdinak, irakaskuntza kasu, haren aplikazio esparruan izan) ez digu ikuspegia galarazi behar, izan ere, onarturiko formulen anbiguotasunak zerbitzuen liberalizazio eta pribatizazioari ateak irekitzen dizkiolako, eta proiektu hauek (sektore multinazionalen interesekoak eta EBen onartuak izateko arazoak izaten dituztenak) Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) Zerbitzu Merkataritzaren Akordio Orokorraren (ZMAO) baitan ere negoziatzen ari direlako.
Horregatik, eta testua behin betikoa ez den bitartean (oraindik Europako Kontseiluan onartua izan behar da gerora Parlamentuan berretsia izan dadin),zuzentarau honen aurka mobilizatzen jarraitu behar dugu, multinazionalen interesak gure eskubide sozial, laboral eta ingurugirokoen aurretik jartzen dituelako eta guztion artean gure etorkizuna, pertsona zein herri gisa, erabakitzea ukatzen digulako.
ELA, LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS, HIRU eta ELB