Boltsa eta etika ergonomikoari buruzko ipuin harrigarri bat

2003/06/27
Orain dela urte batzuk, amaigabeko poztasun eta aberastasunean bizi zen erresuma bateko enpresa batek, bere eskuetan zuen negozio bat aurrera eramateko asmoarekin, bere erresuma eta inguruko erresumetako herritarrei eskaintza zoragarria egin zien. Diru baten truke, negozio horren zati bat lortzeko aukera izango zuten, gehiengoa enpresa horren eskuetan geratzen bazen ere. Hiritar horiek emandako dirua negozio hartan sartuz, aipatutako enpresak kudeatzen jarraituko zuen negozio beraren ahalmen eta aukerak izugarri indartzen ziren. Negozio hori liluraz eta magiaz jantzirik agertzen zenez, azken mendeotan gertatu izan den bezala, borroka handiak gertatu ziren negozio hortako zati txikiren bat eskuratzeko. Akzio horiek eskuratu ostean ere makinatxo bat tratu izan zen herrietako azoka eta merkatuetan, akzio horiek eskuz aldatzeko. Gar horren ondorioz, akzio horien prezioak zerurarte egin zuen gorantz. Denak zeuden pozik. Akzioak saldu zituztenak, ordaindu zutena baino gehiago lortu zutelako. Erosleak, berriz, ordaindu zutena baino gehiago ateratzeko zuten asmoa zela-eta. Prezioak zeru parean bazeuden ere, teologoen hitzetan, zeruaren altuera zehazki neurtzea ezinezkoa zenez eta infinituaren kontzeptua gizarte hartan nahiko erroturik zegoenez, herritarren erabakia merkatal orgia hortan euren sakelak murgiltzea izan zen. Prezioen gainbehera Bitartean, akzio salmenta paregabe hau arrazoitzen zuen negozioak aurrera egiten zuen. Bere kudeaketaz hasieran akzioak saldu zituen enpresa zen erantzule. Kudeaketa hartan gauzak okertzen hasi ziren. Gatazka batzuk galdu egin ziren. Zaurietatik odola (gorria ez bazen ere) isurtzen hasi zen. Egoera tamalgarri horren aurrean herritarrek zituzten itxaropenak hozten hasi ziren, eta akzioen prezioak infernuko suak gogor berotzen zuen zuloraino beherantz egin zuen. Kudeatzaileek, euren kudeaketa petrala hobetu ordez, beste ideia garden bat jarri zuten martxan. Akzioak erosi zituzten herritarren egoera tristeaz ohartuz (akzioen prezioa enpresak herritarrei hasieran kendu zienaren erdian baino gutxiagoan zegoen) konponbide bat eskaintzeko asmoa adierazi zuten, akzio guztiak berrerosiz. Herritarrek, enpresak hasieran akzioak saldu zituen prezioa lortzeko itxaropentsu ziren bitartean, enpresak azoka eta merkatuetan momentu hartan balio zuten erdi prezio hori eskaini zien. Lilura guztiak desagertuak ziren. Hasieran akzioko talentu bat ordaindu zutenak, damu ziren 15 talentuko balioa izan zuenean saldu ez izanaz. Damuaz gain, demaseko haserrea zuten negozioa gaizki eraman zutenek, herritarrek negozioari emandako diru erdiaren truke, berriro akzio guztiak euren eskuetan pilatzeko eskaintza egin zutelako, akzioko talentu erdian. Akzio horiek merkatu edo eta azoketan 10 edo 15 talentutan ordaindu zituztenek azoketako soka guztiak agortu zituzten, inguruetako zuhaitzak aztertuz, jakin gabe soka noren lepoaren inguruan jarri behar zuten. Tarte horretan, lasai zebiltzan bakarrak artekariak eta eskribauak ziren, saltsa, izurrite eta gatazka guztien gainetik gizartearen enbor eta oinarritzat zutenak euren burua, komisio eta arantzel umil batzuren truke, noski. Ikasbide bezala zera esan genezake: komenigarria da orain dela ehundaka urte gertatutako iruzur hauetaz ikasketarik ateratzerik. Sasoi horietan herritarrak ezjakinak baziren ere, haiei gertatutakoa kontutan izatea egokia litzateke ia arlo guztiak sakonki menperatzen ditugun gaur egungo gizarteko kide garen guztiontzat. Aitor Arrizabalaga