Borondateak erakarri behar

2002/03/21

Aurtengo Aberri Eguna, beste hainbatetan bezala, giro latzean ospatuko da. Egun boterean den eskuinak eraso espainolzale gordinean dihardu: Lehenik, estatuz gaindiko erakundeen esku uzten ari den boterea orekatzeko-edo, zentralizazio berria ari da gauzatzen. Bigarrenik, berriz, zalantzan dagoen nortasun nazionala euskal errealitate nazionala eta antzekoak ukatuz bermatu nahi du.
Gauzak horrela, ELAk ezin du sinetsi Estatutua zaharberritzeko oinarritzat duen estrategian, zenbaitek errealismo politikoaren izenean aldezten dutena. Erosokeria, ordea, ez da errealismotzat saldu behar. Errealismoak eraman gaitu hain zuzen ere azken hitza estatuak duen joku hortatik irtetera, autodeterminazio eskubidea eta Euskal Herriaren nortasun politikoa aitor dadin eskatzera.
Badakigu Estatuak ez duela autodeterminazio hitza entzuterik ere nahi, oraintsu Idahoko kongresuaren ebazpenari eman dioten erantzun histerikoak erakusten duen legez. Estatu espainolarentzat demokrazia bere egungo botere sistemari eustea besterik ez da, eta demokraziaren aurkako erasotzat hartzen du egitura politikoa zalantzan jartzea.
Eta halere, autodeterminazio eskubidea gatazka nazionaletan irizpide demokratikoa aplikatzea besterik ez da. Militarizazio, zapalkuntza eta bortxazko estrategiek ez bezala, autodeterminazio eskubideak herritarrengan uzten du beren status politikoa erabakitzeko aukera.
Gure estrategiaren ardatza legez autodeterminazio eskubidea hartzea, Lizarra-Garaziko adierazpenak egin zuen moduan (“Euskal Herriko herritarrek beren etorkizunaren egituratzeari buruzko azken hitza izatea”), ez da aukera erosoa, bi erronka gogor planteatzen baititu: lehena, estatuen erasoei aurre egitea –eta estatuek ahalak eta bi egingo dituzte lehia irabazteko–, eta bigarrena, are han- diagoa, galdegiten dugun eskubidea zor zaien gizon eta emakumeen borondatea erakartzea.
Herritarren borondatea errespetatzeko araua ez da, halere, autodeterminazio eskubidea onartu den unerako bakarrik; aitzitik, eskubidea lortzeko prozesuan ere aintzat hartu beharra dago. Oinarria Euskal Herriko gizon eta emakumeen borondatean kokatzeak estrategia, bitartekoak, erritmoak eta edukiak baldintzatzen ditu, eta ez dago esaterik eskubide hori onartu aurreko garaian gizarteak eskatzen duenaren aurka joka daitekeenik. Hain zuzen, ETAk su-etena amaitu izana eta bortizkeria zein bortxari berriro ekin izana kontraesan nabaria da, agian ez Lizarra-Garaziko Adierazpenaren egitura formalarekin (honek prestakun-tza fasea eta konponbide fasea, bortizkeriarik gabekoa, bereizten ditu), baina bai Adierazpenaren oinarri eta helburuekin.
Irizpide demokratikoa eta praxi politikoagatik, borondateak erakartzeko estrategiak hartu behar du bortxaren estrategiaren lekua, honek ez baitie soilik herritarren eskubideei eta bizikidetasunari kalte egiten; areago, estrategia bortitzak borondateak moteldu, indarrak ahuldu eta autodeterminazio eskubidea lortzeko eta burujabetza proiektua garatzeko borrokan ezinbesteko diren aliantzak hondatzen baititu.