Borrokaren balioa (Astekaria 134, editoriala)
"Egun jakin baterako nazioarteko agerraldi handi bat antolatu behar da, nazio eta hiri guztietan garai berean langileek botere publikoei eskaria zuzen diezaieten..." Halaxe zioen 1889ko uztailaren 14an, Frantziako Iraultzaren mendeurrenean alegia, bildu zen Parisen Langileen Nazioarteko Kongresuko agiri batek. Beharginen jaiegun bateratua hasieran enpresari eta aginteek erabat jazarri zuten (greba egun legez hartzen zuten, eta ospatzen zuena kaleratu egiten zuten).
Lehen garai haietako helburu sindikalak 8 orduko lanaldia eta igandeetan atseden hartzea, haurren lana galaraztea, langileak babesteko legeak, boto-eskubide orokorra, sindikatuetan antolatzeko eskubidea urteen joanean lortu ziren, baina ez aise, ez borrokarik gabe. Eta gaur ditugun eskubideak, norbaitek XIX. mendeko kapitalismotik urrun gaudela uste izanagatik ere, ez dira behin-betikoak, ez atzeraezinak. Gobernu eta enpresaburuek etengabe sustatzen duten neoliberalismorako joeraren ondorioz, lorpen horietako batzuk ere zalantzan egon litezke: igandeetako atsedena eta 8 orduak ez dira langile guztientzat betetzen.
Maiatzaren Lehenak, Jose Elorrietak dioen moduan, klase zentzua du eta historian zehar ematen diren borroka eta errebindikazioen ezaugarri da. Eta batzuren ustez egun "folklorikoa" bada ere euskal aldizkari baten azalean irakurri dugu halakorik, inguruan ikusten ari garen gatazka gogor, luze horiek kontrakoa frogatzen dute: Maiatzaren Leheneko manifestazio eta agerraldietan ikusten baita ezin hobeto ELAren proiektuak esan nahi duena, hots, langile guztien elkartasuna, ez soilik enpresa honetako edo sektore haretakoena.
Maiatzaren Lehena Euskal herrian, ELAko idazkari nagusiak esan duen moduan, ez da historia hutsa, ez da soilik oroitzapenerako eguna; aldiz, borrokan jarraitzen duen klase baten hitzordua dugu.