Confebasken Mahia

2012/01/27
Erreforma laboralak eta negoziazio kolektibokoak soldatak eraisteko eta langile-klasearen defentsa ahultzeko egiten dira. Urte eta erdiko epean dagoeneko hirugarren erreforma laborala eta negoziazio kolektiboko bigarrena ari dira prestatzen.

Lehen Zapaterok eta orain Raxoik, eurok erabakitako doikuntza politikak medio gehitu duten langabeziaren aitzakiaz, patronalari eskatzen duena ematen diote. Erreformak patronala diruz laguntzeko beste bide bat dira, bere poltsikoetara errenta transferitzeko beste modu bat. ELAk salatu du erreforma hauei EAJk eman izan dien babesa. Euskal sindikalismoaren jarduera-esparrua arautzen ari zenean ere, ekintza sindikalerako tresnak kentzen ari zitzaizkigula jakinagatik, ez zuen sindikatu abertzaleokin ezer partekatu nahi izan.

Eztabaida honetarako ezinbestekoa da datu bat ezagutzea: Gure herrian 7 puntu murriztu da soldatek guztirako aberastasunetik duten zatia. Ekonomia-Lankidetza eta –Garapenerako Erakundeak (ELGE, erdaraz OCDE) berak ere dioenez, Espainiar estatuan aberastasunaren banaketan handitzen ari da desberdintasuna; gero eta handiagoa da “soldata-arrakala”ren ondorioz; hau prekarietatearekin eta kapital-errentei egindako opari fiskalekin areagotu egin da. ELAk ere antzeko zerbait salatzen du. Ez dago arrazoirik soldatak «neurriz» gehitzeko, eta are gutxiago murrizteko. Bada, esan daiteke laster emango dutela beren fruitua soldatei erasotzeko estrategiak, patronalak negoziazio kolektiboan ezartzen duen blokeoak, langile publikoei egin dizkieten soldata jaitsiera lazgarriek eta hamaika xantaiek. Haatik, hau dena gertatzen ari den bitartean, alderdi politiko gehienek datu ofizial hauen ondorioak gutxietsi egiten dituzte, eta aberastasuna banatzeko politikak ez dituzte aldezten; aberastasuna esku gutxitan pilatzea da gaur, zalantzarik gabe, ekonomia errealaren, enpleguaren eta elkartasunaren etsairik handiena.

Politika hau aldebakarrekoa da. Ez dute mundu sindikalarekin akordiorik nahi; benetan beste zerbait bilatzen dute, euren asmoak gauzatzeko eskuak libre uztea. ELAk ez du helburu hori lortzeko laguntzarik emango; ez gara gobernuen babes betea duen harrapaketa horren lankide izango.

Confebaskek gobernuaren mesedea izango duela ziur dakienez, pribilegiozko kokapen hortaz baliatu da CONFEBASK (CEOEkoa den patronala) mahai bat eratzeko: beronen xedea, lanbidearteko akordio bat negoziatzea, EAEko “negoziazio-egitura” arautze aldera. Patronala ELArekin birritan bildu da. Lehenik irailaren 28an; orduan galdetu ziguten ea zer iritziko genion “egungo negoziazio-esparruak mantentzeko” akordio bati. Euren proposamena bidal zezatela esan genien, eta aztertuko genuela. Baina ez genuen ezer jaso. Bigarren bilera azaroaren 28an izan zen. Azarora bitartean, aintzat hartu beharreko hainbat gertakari izan zen. Madrilen, CCOO, UGT eta patronala Zapateroren erreformak ematen zien ahalmenaz baliatu ziren eta zenbait sektoretan akordioak landu zituzten, lurralde mailako sektore-negoziazioa husteko asmoz. Akordio batzuk soilik “egitura”ri zegozkion, eta beste batzutan soldatak eta horrelakoak jasotzen ziren... Akordioetan monopolioa lortzeko obsesioari beste osagai batzuk gehitu zizkioten, zeinek CCOO eta UGTren sindikalismoari bere finantza-iturriak bermatzen baitizkie. Patronalak zentralizazioa medio lan-baldintzak pobretzea lortzen du, eta CCOOek eta UGTk, negoziazio kolektiboaren “txorrota ixtea”, beste gehiengo sindikal demokratiko batzuk ezin dezaten erabaki gure esparru nazionalean (EH) non eta zer negoziatzen den.

Zer gertatu zen CONFEBASKekin izandako bigarren bilera izan bitartean? PPk hauteskundeak irabazi zituen, baita iragarri ere beste erreforma laboral bat eta negoziazio kolektiboko erreforma egingo zuela, “lehentasuna enpresa-negoziazioari emateko, sektorekoaren aurretik”.

Bigarren bileran CONFEBASKek hasierako helburu neurtu hura aldatu egin zuen; ez zuen soilik “egungo negoziazio-esparruak mantendu” nahi. Esan zigutenez bere kideei kontsulta egin zien eta hauek erantzun omen zioten “gehiago” nahi zutela. Guk erantzun genien esanez ELAk ez zuela parte hartuko; ez genuela lagunduko enpresetako lan-baldintzak areago desarautzeko lantegian.

Aipatutako mahaia eratu zen. CCOOek, LABek eta UGTk baiezkoa eman zuten. Batetik, CCOO eta UGT zentralizazioaren arduradunek, zeinaren ondorioz euskal esparruko negoziazioa estatu mailako akordioen menpe jartzen baitute. Bestetik LABek, “jarrera desberdinetatik helburu amankomunetara irits daiteke” esanez (?). ELAren iritziz hau ezinezkoa da; Euskal Herrian ezin da negoziazio kolektiboa “blindatu”, baldin eta kidetzat hautatzen bada helburu estrategiko jakin bat duena, guztia estatu-esparruaren menpe kokatzea. Honekiko bederen sindikatuok ordezkatzen duten espainiar sindikalismoa oso koherentea izan da. 2000. urtean Espainiako KESak filosofia hau txosten batean bildu zuen: Espainiako merkatu batasunaren aldeko apustua, eta honi dagokion negoziazio kolektibo zentralizatua. Lehengo De esos polvos vienen estos lodos.

Eta CONFEBASK? Patronalak badaki epailea bere alde duela (Raxoik gehiago emango die) eta mahai hau Estatuaren menpeko dela. Negoziazio kolektiboa areago mugatzeko hainbat bide dago, eta patronala horretan saiatuko da. Adibidez, Adegik, Gipuzkoako patronalak, Metal arlorako bat proposatu du: sektore-hitzarmenetik enpresetako negoziazioan gatazkak galaraztea. Bere plataforma ikusirik, galdera bakarra dago egiteko: Zer mami izan dezake negoziazioak gatazkarako aukerarik gabe? Bien bitartean, patronalak negoziazio kolektiboa bahituta dauka, shock egoeraz eta beldurraz baliatzen baita gizarteari diziplina ezartzeko.

Betiere, soldatak daude jomugan. Soldata galera enplegua sustatzeko tresnatzat saltzen dute. Baina dena gezurra da. Soldaten jaitsierak enplegu gehiago suntsitzen du, ekonomia errealari kalte egiten diolako. CCOOek eta UGTk CEOErekin soldaten eta lanpostuen galera sinatu dute. Ezkutuka egin den akordio honek patronalari babesa ematen dio. Amore emateko erabakia beste akordio batzuri esker hartzen da; adibidez formazioko funtsen kudeaketari buruzkoa.

Beraz, bada hamaika arrazoi ELA mahai horretan ez egoteko. Eta mahaiari buruz komunikabideetan agertzen diren informazioak gutxienik kontraesankorrak dira. UGTk dioenez, “Madrilek ez du hemen negoziatzea galarazten, eta laster Confebaskekin akordio batera” irits liteke. CCOOek, berriz, “elkarrizketak ondo” doazela, eta LABek “azken ahalegin bat” egingo duela: “hitzarmenak desblokeatzeko proposamen bat” luzatuko omen du, KPIz gaindiko igoerekin. Ez dirudi mahai beraren inguruan esertzen direnik.

Ez dakigu hurrengo erreforma nolakoa izango den, ezta mahai horrekin zer gertatuko den ere. Baina ELAk badaki gobernuek eta ugazabek oso egoera gogorra ezartzen digutela, eta negoziazio kolektiboa soilik esparru batzutan izango dela posible, sindikalizatzea (afiliatu eta antolatzea alegia) lortzen dugun esparruetan. Horixe baita, ez besterik, betidanik sindikalismoak egin izan duen lana.

 

Ioseba Villarreal

ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna