Debeku kezkagarria (Astekaria 174, editoriala)

2006/01/23

Entzutegi Nazionalak BECerako Batasunak deitutako ekitaldia (eta, bide batez, talde politiko honen jarduera bera) bertan behera utzi izanak, gauzak benetan non dauden erakusten digu: alegia, kontraesanez betetako hitz eta keinuetatik haratago, "zuzenbide estatuaren" egiturek bere logika aplikatzen segitzen dutela, itun antiterroristarena eta alderdien legearena; hots, azken finean, nazionalismo espainiar autoritarioarena.

BECeko ekitaldiaren debekua atal berri bat da esparru politiko eta sozial zabalaren eskubideen ukapenean. Itun antiterrorista sasoiko agertzen zaigu eta estatuaren armazoian sakon barneratuta dagoela erakusten digu. Erakutsi ere, bai Euskal Herritik gatazkaren irtenbide bila dabiltzanei, baita ere Espainiako gobernuari eta, bereziki, bere presidenteari. Inoiz baino argiago azaltzen da, hortaz, euskal gatazkaren muinari soluzioa eman ahal izateko, estatua aldaketa sakonen premian dagoela. Hau da, ELAren iraileko agiriak aipatzen zuen haustura demokratikoaren premian.

Ezin dugu ahaztu, bestalde, horrelako erasoen xedea estatuaren nagusitasuna eta balizko irtenbidearen mugak argi uztea dela. Hortik, gauzen sekretuan ez gauden herritarroi gatazkaren irtenbidearekiko sortarazten dizkiguten kezka eta zalantzak, denbora luzatu ahala larritzen joan daitezkeenak. Balizko elkarrizketa edo harremanetan dabiltzanek gauzak serioski eta ganoraz egingo al dituzte, gutxienez!

Nolanahi, eraso antidemokratikoek erantzuna eskatzen dute; hortaz, ELA prest izan da debekuari erantzuteko antolatu diren ekimenetan esku hartzeko. Eta izango da ekimen berrietan ere.