Dena legala (Astekaria 193. Editoriala)
Eskandalu itzela sortu da AEBtako espioitza zerbitzuek (CIA famatuak) Europako hainbat lurraldetan ezkutuko espetxeak izan dituztela eta, oraindik ere, badituztela jakin denean. Bush presidenteak berak onartu du bolo-bolo zebilen berria eta, justifikatu ere, justifikatu du, edozein gehiegikeria zuritzeko balio duen "terrorismoaren aurkako guduaren" izenean.
Eskandaluari, baina, fariseismo kutsua dario, inorenean arbuiatzen dena, edo antzeko zerbait, norberenean egin, onartu edo isiltzen denean, Espainian gertatzen den bezala.
Ezkutuko espetxeek, Guantanamoko lurraldez kanpoko kontzentrazio eremua bezala, legerik gabeko guneak dira, indartsuenak berak ezarritako legeen loturaz ere askatuta, indar hutsaren kode gordina, tortura barne, ezartzen duten guneak.
Espainiak ere izan ditu ezkutuko espetxeak; La Cumbre gogoratu besterik ez dago. Baina, azkenaldian, gerra zikinaren ordez lege zikina erabiltzea nahiago izan du estatuak: legez kanpo torturatu baino, hobe tortura babesten duten legeak ezartzea; epaileen eskuartzerik gabeko espetxeratzeak baino, hobe epaileek, epairik gabe, hiruzpalau urtetan jendea espetxean edukitzea ahalbidetzen duten legeak; presoak, inolako kondenarik gabe, CIAk edo armadak nahi duen arte atxilo eduki baino, hobe legeak, zigorrak eta epaitegien irizpideak aldatzen joatea, estatuak presook noiz arte kartzelan eduki nahi duenaren arabera. Hau zuzenbide estatu da, gero!
Iñaki de Juanaren kasua, Parot dotrina, inoiz argitzen ez diren tortura salaketak, gaixorik dauden presoak, edota zigorraren bi eren edo hiru laurden bete dituztenak espetxean edukitzea... Hemen, "dena legala", iruzurgileek esan ohi duten bezala, estatuaren jokabidea legeetara egokitu beharrean, legeak unean uneko jokabidera egokitu behar badira ere.