Denok gara ilegalak

2018/03/21
Jone Bengoetxea - Inmigrazio ataleko arduraduna
Nork erabaki dezake pertsona bat ilegala dela? Erantzuna erraza da: botereak agintzen duena; kasu honetan, Espainiako Atzerritartasun Legeak zehazten duena. Ondorioz, migrazio auziak estatuko segurtasun auziekin zuzenean lotuak gelditzen dira, ez, ordea, oinarrizko Giza Eskubideekin. Hor hasten da tranpa, lagunok.

2018eko martxoan ikusi bezala, kalean haserrea oihu bihurtu zen: gazteek, adineko pertsonek, emakume zein gizonek herriak, hiriak, plazak eta kaleak hartu zituzten. Feminista eta emakumeoi historikoki ukatu zaigun esparru publikoa gainezka jarri genuen pasadan Martxoaren 8an. Hala egin zuen ere pentsio publiko duin eta justuen aldeko borrokak martxoaren 17an.

Oraingoan, berriz ere, gure ahots eta indarrak bateratzea tokatzen zaigu. Izan ere, martxoaren 21 gainean dugu, Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko eguna.

ELA klase sindikatua da, soberanista, eta, sindikatu feminista izateko asmoz, bere burua berrikusten ari den organizazioa. Bere burua kontraboterean kokatzen duen sindikatua izanik, etengabe ari da bere burua ideologikoki berrikusten.

Bide horrretan, sindikatuan aspaldi hasi ginen geure buruari galdezka: Nola heldu, ustez zeharkatu ezinak diren lan prekarietatearen zirrikituei? Lan merkatu arautua oihan basati eta gordin bat bada “legezko” langile klasearen zati handi batentzat (garbikuntza sektorea, etxez etxeko languntza, erresidentziak, telemarketing, ostalaritza, azpikontratak orokorrean edo eraikuntza, besteak beste), honen alboan ondoratzen den amildegia, alegia, araurik gabeko lurpeko lan merkatuaren egoerak ez du izenik.

Horiek horrela, galdera batzuk datozkigu burura: zer egin dezake sindikatu batek Atzerritaratsun Legeak, alegia, arrazakeria instituzionalizatuak hainbat pertsona lan merkatu araututik kanpo uzten dituenean? Zer egin dezake benetako zailtasunak dituzten norbanako eta kolektiboen lan eskubide eta eskubide sozialen defentsan tresna eraginkorra izateko? Zein langile klasez ari gara hizketan gaur egun?

Langileria zatitzea, zoritxarrez, ez da auzi berria, berriagoa da, ordea, behargin horien artean muga juridiko-administratiboak eraikikitzea. Berriagoa, eta, are lazgarriagoa. Etxeko langileei galdetzea baino ez dago, esplotazio egoeran lanean ari diren guzti horiei; egoera administratibo irregularrean izanik, euren lan baldintzak negoziatzeko eskubidea ere aitortua ez duten horiei.

Egoera administratibo irregularrean dauden langile askorentzat ezinezkoa da euren arduraduna edo patronala interpelatzea, juridikoki babestua egotea edo oinarrizkoak diren baliabideak izatea, besteak beste, denbora, lantaldea edota erresistentzia kutxa.

Horregatik, berebiziko garrantzia dauka aliantzak sendotzea, alegia, lan merkatuan zein bizitzan prekarietatea sufritzen duten pertsona eta kolektiboen arteko aliantza eta konfidantza politikoa lantzea: mugimendu sindikala, feminista, arrazismoaren kontrako mugimendua, gazte mugimendua, pentsiodunak...

Eredugarria litzateke denok izatea borroka guztien parte. Izan ere, borroka guztietan, eta bereziki martxoaren 21ean bada aldarrikapen konpartitu bat:

Eskubide guztiak pertsona guztiontzat! Denok gara ilegalak, bai behintzat botereak pertsonak banatzen eta etiketatzen jarraitzen duen bitartean. Paperak dituzten pertsonak eta paperik gabekoak kontrajartzen diren bitartean, denok izango gara ilegalak.

Ezin aipatu gabe utzi Mame Mbaye eta Mor Sylla, Madrilen kale saltzaile lanetan ari zirela, martxoaren 15 eta 16an hil zirenak. Baina, batez ere, ezin ahaztu ere polizia jarduera eztabaidagarri baten erdian hil zirela, hamarkadak zirela administratiboki egoera irregularrean zeudela, eta, hortaz, erabat babesgabe. Justizia eta erreparazioa eskatzen dugu eurentzat, eta, baita, Espainiako Atzerritar Legearen bahituak izanik, euren eskubideak etengabe zapalduak ikusten dituzten pertsonentzat.