Atzerritartasun Legea: prekaritatea

2023/03/21
Leire Gallego - Ekintza sozialeko arduraduna
Sindikatura etortzen den zenbait jendek azaltzen digu nola esplotatzen duten: amairik gabeko lan egunak, etxebizitza berean pilatutako pertsonak, soldata negargarria... Areago, zenbait kasutan soldataren zati bat kentzan diete etorkizuneko lan kontratu baten truke.

“Inork ez du bere semea itsasontzi batean jartzen baldin eta ura lurra baino seguruagoa ez bada”. Warsan Shire poeta ingeles-somaliarraren esaldi hau aspaldian egin zen ezaguna; sarri erabili izan da hala txioetan nola errefuxiatuen eskubideen aldeko manifestazioetan.

Hain zuzen amesgaizto hori bizi behar izaten dute milaka eta milaka lagunek bizimodu hobea lortzeko bidean. Euretako askok aitortzen dute helmugan aurkituko zuten bortizkeriaren berri izan balute ez zuketeela sekula txaluparik hartuko.

Migratu eta ez migratuentzat oso neurri ezberdina erabiltzen da

Errefuxiatuek ez ezik migratuek ere pairatzen dituzten bortizkeriak kontaezinak dira: indarkeria arraziala, sexuala, instituzionala, etab. Migratua etengabeko kontrolpean, mehatxupean bizi da; behin eta berriz justifikatu behar du egiten duen urrats bakoitza, zergatik jasotzen duen laguntza soziala... Migratu eta ez migratuekin erabiltzen den neurria oso bestelakoa da.

Migratu batek, gizartean errotuta dagoela frogatu eta paperak lortzeko, hiru urtez erroldatuta egon behar du. Hiru urtez biziraun behar du, nola edo hala, baina gainerako herritarrok ditugun oinarrizko eskubiderik gabe. Ezin dute lan kontraturik sinatu; ez zaie bizilekurik eskaintzen, eta laguntza sozialak mugatu egiten dizkiete. Hau da migratu izateagatik daukazun zigorra.

Lan Ikuskaritzak egin beharko lieke aurre esplotazio egoera hauei. Haatik, ez du inolako bermerik ematen

Badakigu hor daudela, badirela; areago, badakigu migraturik gabe gure aiton-amonek ez luketela zaintza egokirik jasoko edota gure etxeak zikinak egongo liratekeela. Zer egiten dute haiek? Ahal den modurik diskretuenean bizi, poliziak aurkituz gero deportatzeko arriskuan egongo bailirateke. Hala ere, zenbaiten esanetan ez omen dira egokitzen, soilik euren artean biltzen omen dira, ghettoak sortzen omen dituzte... Nork asma dezake horrela?

Badira langileak sindikatura etortzen direnak beren egoeraren, edo hobeto, beren esplotazioaren berri ematera. Baldintza oso kaskarretan egiten dute lana. Edozerk balio du: amairik gabeko lan egunak, obra bat bukatu artean etxebizitza berean pilatutako pertsonak, soldata negargarria; areago, zenbait kasutan soldataren zati bat kentzen diete etorkizuneko lan kontratu baten truke... Sindikatuari egoerak frustrazioa eragiten dio, ezintasunagatik. Egoera hauek oso zailak dira, eta halakoetan ezin da arinkeriaz hitz egin: “dena ondo joango da”, edota “ikusiko duzu, kasua irabaziko dugu”; izan ere, pertsona baten etorkizuna baitago jokoan, eta horrek kontu handiz jokatzera behartzen gaitu. Lan Ikuskaritzak hartu beharko luke bere gain esplotazio kasu hauen jazarpena, baina ez du inolako bermerik ematen.

Euskal Herrian batez beste Europan dauden ikuskatzaileen herena dago

Lan Ikuskaritzak baliabide eskasia izugarria du. Euskal Herrian batez beste Europan dagoen ikuskatzaile kopuruaren herena daukagu. EAEn 41 ikuskatzaile ditugu, eta Europako bataz-besteko kopurura iristeko, 120 egon beharko lirateke. Nafarroan, aldiz, 15 daude, eta Europan batez bestekora iristeko 41 egon beharko lirateke. Beraz, herri-administrazioen erantzukizuna oso nabarmena da. Ezikusiarena egiten dute migratuen errealitate gordinaren aurrean.

Behin aipatutako hiru urteak igarota ere, bidea ez da erabat leuntzen. Lehenik, aurrekontratu bat behar da, hau da, kontratua egingo dizutelako promesa. Hortxe hasten da aldi baterako bizileku-baimena lortzeko ibilbide burokratiko luzea. Gainera, ez da doakoa, jende askok abokatu bat hartu behar izaten baitu paperak egiten lagun diezaion.

Bestalde, kriminalizazioak ez du etenik. Are gutxiago laguntza sozialen justifikazioa tarteko denean. Eskuineko eta eskuin muturreko indarrek migratua petxero bihurtzen dute, eta egoera ekonomikoa ona ez denean edo langabeziak gora egiten duenean pertsonarik zaurgarrienak jartzen dituzte jopuntuan: “lana kentzen digute”; “bertoko jendeari eman behar zaio laguntza, ez kanpokoari”; hau da, Trumpen “America first”, edota bere euskal bertsioa, EAJren “Euskadi, lehena”.

Eusko Jaurlaritzak egin duen Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma medio Lanbideko enplegatuak jasotzaileen etxean sar daitezke egiaztatzeko beren ohiko bizilekua den ala ez

Azken hilotan egoera areago okertu da. Duela bi hilabete Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erreforma erabaki zuten EAJk eta PSEk, Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren abstentzioarekin. Lege horren baitan Lanbideko enplegatuak DSBE jasotzen dutenen etxean sartzeko aukera dago, egiaztatze aldera ohiko bizilekua den ala ez. Hau pentsaezina litzateke beste prestazio batzuekin, esaterako langabeziakoa edo erretirokoa. Alabaina, legea indarrean sartu aurretik ere -martxoaren bukaeran izango da hori- Ertzaintza dagoeneko hasi da lan hori egiten.

ELAk aldarrikatzen du Atzerritarren Legea indargabetu behar dela, migratuak prekaritatera kondenatzen baititu eta oinarrizko eskubideak ukatzen baitizkie. 2022ko udan espainiar gobernuak lege haren arautegia aldatu zuen. ELAk kritika gogorra egin zion aldaketa hari, ez zelako giza-eskubideen ikuspuntutik egin, baizik eta asmo utilitarista eta produktibistarekin, sektore batzuetan langileak falta zirela eta.

Migratuen eskubideak behin eta berriz urratzen direla salatzeko ELAk kanpaina bati ekin dio, sindikatuko hainbat afiliatu eta delegaturen testigantzak bilduz. Hauek azaltzen dute zer nolako arazoak izan dituzten migrazio prozesuan eta lana eta bizileku-baimena lortu duten arte egindako labirinto administratiboan. Kanpaina martxoaren 21ean burutuko da, arrazismoaren kontrako nazioarteko egunez, Bilbon Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean egingo den agerraldi batean. Han ozen oihukatuko dugu: “Eskubide guztiak denontzat!”.