Diziplina neoliberala hautsi

2015/01/20
Krisia politikari diziplina ezartzeko saio bat da. Sozialdemokraziak eskuinaren konpartsa gisa jokatzen du; desastre bat da. Honi buruz premiaz hausnartu behar da, alderdien artean alternatiba aldezten dutenak, erakundeetara iristen direnean, ez ditzan erauntsiak eraman. Nola gauzatzen da eraldatze soziala? Gogoeta hau egiten ez bada, beharrezkoa dugun aldaketa politiko eta soziala ez da gertatuko.

Asteotan entzundako lau iritzi baliagarri dira neoliberalismoak inposatzen dituen muga estuak ezagutzeko. Lehena, Europar Batzorde buru den Junckerrena. Greziari buruz esan du: “ez nuke nahiko indar estremistak boterera iristerik”. Milioika pertsonarenzat sufrimendua hedatu ondoren, gure ustez estremistak eurak dira, murrizketak aldarrikatu, adostu eta aplikatu dituztenak. Nor da Juncker? Luxemburgen beren egoitza “birtualak” ezartzearen truke 340 multinazionalekin zergak ez ordaintzeko formula negoziatu duena. Juncker ez da soilik Greziaz ari; europar politikari guztiei zuzentzen zaie, eta gogora arazten die Troikaren aginduak betetzeko direla. Beren diziplina ezartzen duten bitartean, ez zaie axola eurek erabakitako politika antisozialek Europan eskuin muturraren gorakada eragitea. Euskal Herrian Junckerrek ikasle onak ditu.

Bigarren alea De Guindos ministro espainiarrarena da. Esan duenez, “edozein kontratu langabezian egotea baino hobea da”, eta “jendeari kentzen ari zaio lanpostua galtzeko beldurra, hazkunde ekonomiko eta enpleguaren aukerak onak izanik”. Ez da gorritzen, lotsarik ez duelako. Lehman Brothersetik etorritako gizona delarik, badaki noren alde jokatu. Argi dago langileek esplotazio kutsuko baldintzak onar ditzaten gizarte-prestazioak murriztu edo suntsitu beharra dagoela. Horretan ari dira, hain zuzen. ELAren iritziz gaur egiten diren kontratu gehienak goragalea eragiten dute, miseria dakarte eta pobreziara kondenatzen dute.

Hirugarren gogoeta Confebaskek egin du. Ultraaktibitateari buruzko Gorenaren epaiaren berri izan duenean, beste erreforma laboral bat eskatu du, enpresei “segurtasuna” emate aldera. Patronalak ez du inola ere nahi epaileak beren erabakietan esku hartzerik. CEOE, NMF, EBZ eta Espainiako Bankuarekin bat dator beste erreforma bat eskatzean. Azkena eskasegia izan zen nonbait, eta abagune politika egokia denean berriro ekingo diote.

Laugarren adierazpena Urkullu Lehendakariak egin du: “ardura partekatuen garaia” omen da. Doikuntza politikak ezartzeko, akaso? Horixe egiten baitu bere gobernuak. “Ardura partekatu” delako horrekin derrigortu nahi gaituzte onartzera eurek ezarritako politikak ez duela alternatibarik. Horretxetan datza eratu berri den Elkarrizketa Sozialeko Mahaia.

Eusko Jaurlaritzak propagandaz estaltzen du murrizte politikan duen erantzukizuna. Sinetsarazi nahi du doikuntzak Espainiak inposatzen dituela, baina hori ez da egia. Zati bat espainiar Gobernuak erabakitzen du, eta bere xedea batik bat berzentralizatzea da (erreforma laboralak, pentsioenak, hezkuntza, oinarrizko legeak…); baina Espainiak inposatu ala ez, Eusko Jaurlaritzan dagoen alderdiak ez die erreforma horiei aurre egin. Politikaren beste zati bat Madrilekin adostu edo partekatua da (zorra ordaintzea eta defizita murriztea; horrek aurrekontu-politika antisozialera darama). Aldiz, hirugarren atal bat Euskal Administrazioek erabakitzen dute, hemen, eta hau berariaz da neoliberala. Duen garrantziagatik aipatu beharrekoa da zerga-politika. EAEn baztertu egiten da 4.660 milioi € biltzeko aukera (Aldundi batek ere ez du taxuzko debate fiskalik bideratu), eta 2.000 milioi Nafarroan. Hori da europar batez bestekoarekiko dagoen presio fiskalaren diferentziala. Ez dago ez zerga-politika justurik, ez fiskalitateari buruzko pedagogiarik, ezta parte hartze sozialik ere. Beraz, euskal zerga-politikan tarte handia daukagu, eta hau jorratuz gero jende askoren pairamena arinduko litzateke. Baina ez dute nahi. ELAk Jaurlaritza fiskalitateaz interpelatu duenean, honek ez du esan gure proposamena alternatiba ez denik; haatik, fiskalitate justuago bat ez da beren eredu politikoan sartzen.

Berzentralizazioari dagokionez (ELAn inboluzio hitza nahiago dugu), Auzitegi Konstituzionalean sartutako errekurtsoak alde batera utzita (duela hogei urte pasa Jaurlaritzak esan zuen ez zuela gehiago harengana joko, organo alderdikoia zelako), ez dago estrategiarik. Inondik ere ageri ez den bilateralitatea aldarrikatzen du, bide batez posizio politiko oso ahula islatzen duelarik.

Eusko Jaurlaritzak dioenez, ELA “errealitatetik kanpo bizi da”. Nonbait asmatu egin ditugu prekarietatea, desberdintasun eta pobrezia gero eta handiagoa, soldaten jaitsiera, etxegabetzeak... Begibistakoa da ELAren helburuak eta Jaurlaritzaren praktika politikoa ez datozela bat. Halere, gizarte demokratiko batean normala izan beharko litzateke gobernuak errespetatzea oposizio gisa jokatzen dugunok eta proposamen alternatiboak aldarrikatzen ari garenok. Baina Jaurlaritzak ez du errespeturik. Guri ere helarazi zigun agiri batean, gobernuak dio –aditu ezezagunen aholkuz– sindikatuok “erantzukizun ukaezina” dugula, hark definitzen duen gizarte-eredua babestu behar dugula; hala egin ezean, zigortu egin gaitzake. ELArentzat hau iraingarria da. Gero Confebasken agiria ezagutu zen. Irakurri genuenean, ondorioztatu genuen patronala horretaraino ausartzeko (sindikatu diren aldetik ELA eta LAB legez kanpo jartzeko aukera aipatzea, alegia), esparru politiko jakin batzutan bere nahiek oihartzun positiboa izango zuten, noski. Jaurlaritza eta Confebask bat datoz traba zerk egiten dien esaterakoan. Ez dugu esaten Jaurlaritzak gure ilegalizazioa bilatzen duenik, baina bi agiriak, Jaurlaritzak eta Confebaskek idatzitakoak, bat datoz asmo batean: askatasun osoz interpelatzen dituzten erakundeei jazarri egin behar zaie.

Eusko Jaurlaritza joko-arau demokratikoak aintzat hartzeko prest dago soilik berak nahi duena eginez gero. Horregatik salatzen dugu ez daukala halako kulturarik. Arauei iskin egitea erabaki du; ez ditu gustoko gehiengo sindikalaren posizioak eta, jokabide antidemokratikoa erakutsiz, gatibu dagoen gutxiengo sindikal bati ez dagokiona eman dio. Lopezek bezalaxe. Honetan ere ez da aldaketarik izan.

Gobernuek eta kapitalak gizarte-eredu bat eta etsai berberak dituzte (esaneko ez den oro). Etorkizun politikoak ekar dezakeen edozein hipotesitan, ezinbesteko deritzogu proposamenak egin eta mobilizatzen duen esparru sindikal eta sozial bat finkatzeari, botere politiko guztia interpelatzeko gauza izango dena. Hau ere krisiaren irakaspen bat izan da. Interpelazio aktibo horrekin aldaketa politiko eta soziala gaitza izango da, baina bera gabe, ezinezkoa.

Adolfo Muñoz Txiki

ELAko Idazkari Nagusia