Selektibitatea 2026: euskalduntzen ez duten ereduen iruzurra agerian
Berrogei urte dira hizkuntza ereduen sistema ezarri zela EAEko hiru lurralde historikoetan. Urte asko pasa dira, eta noski, egoera ere irauli egin da urteak pasa ahala: Gaztelera nagusi izatetik, euskarazko D eredua oso nagusi izatera igaro da. Hala ere, nahiz eta hezkuntzak euskalduntze prozesuan sekulako garrantzia izan, esan daiteke gaur egun ez duela ziurtatzen euskal nerabeen euskalduntze prozesua, eta are gutxiago A eta B ereduetan.
Datuetara joanez gero, kantitatez, euskarazko D ereduak ikasleak irabazi ditu, beraz, euskarak ere irabazi du. Alabaina, geroz eta nabarmenagoak dira euskal hezkuntza sistemaren gabeziak euskalduntze prozesuan. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren 2021eko Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa azterketaren arabera, DBH2n, derrigorrezko eskolatzea amaitzeko bi urteren faltan, ikasleen erdiak baino zerbait gehiagok ez dute lortzen B2 maila euskaraz.
Hala ere, garbi dago eredu batzuek gehiago euskalduntzen dutela besteek baino. Berriako albiste batean idatzitako datuen arabera, A eredu publikoan ikasleen %96k Hezkuntza Legeak ezartzen duena baino maila txikiagoa dute; itunpeko A ereduan %83k; B eredu publikoan, %83k; eta itunpeko B ereduan, %64k.
D ereduak ere ez du bermatzen ikasle guztien euskalduntzea, ordea: Publikoan, %50ek Hezkuntza Legeak ezartzen duena baino maila txikiagoa dute; eta itunpekoan, %42k.
Arras garbi dago hezkuntza dekretuetan ezarritako helburuak ez direla betetzen, hau da, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea, eta argi dago D ereduak ez baditu ikasle guztiak euskalduntzen, A zein B ereduek are gutxiago.
ELAtik garbi dugu, euskara gutxien duenari, are euskara gehiago eman behar zaiola -esaterako egungo A eta B ereduetan ikasten dutenei-, hots, bitarteko zein zerbitzu euskaldunenak eremu zailenetara eraman behar dira ikastetxeak arnasgune izan daitezen. Bestela, hizkuntz gaitasunean desberdintasunak sortzen dira, euskararen erabilera ahuldu eta euskaldunen zein euskararik jaso ez duten errenta baxuko ikasleen bazterketa betikotzen da.
Bestetik, esan beharra dago, gurasoen aukera-askatasunaren izenean hiru ereduen jarraipena babesten dutenak direla euskararen aurkako oldarraldi politiko-sozialaren erantzule nagusiak. PSE-EE, Alderdi Popularra zein CCOO eta UGT izan dira A eta B ereduen defendatzaile nagusiak eta euskalduntze politikei mugak jarri dizkietenak. Hori gutxi balitz, azken hauek dira ondoren kexu direnak euskara eskatzen delako zenbait lanpostutan edo gutxieneko euskara maila bat selektibitateko euskara azterketa gainditzeko. Ikasleei euskara ikasteko eskubidea kentzen zaie, zaurgarrienei mugatu eta euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzea oztopatu, baina errua gure hizkuntza nazionalarena omen da.
EAEko 17/2023 Hezkuntza Legeak “hezkuntza eleaniztun eta kulturarteko baten alde egiten du (ikus 66- atala)... hizkuntza-eta kultura-kontzientzia zabalaren alde” eta derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek EAEko bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ezagutzea ahalbidetzearen alde”, baina helburu horretarako lege honek nahikotzat jotzen du irakasleentzat euskarazko C1 maila eta ingelesezko B2. Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna dela dio legeak, hezurduratzat euskara eta gaztelania eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza bat dituelarik. Beraz (gutxienez) hiru hizkuntzatan ardaztutako eredu orokortu bat da proposatzen zaiguna, eta ikusita D ereduak berak ematen dituen emaitzak, nola bermatu nahi ditu Jaurlaritzak euskarazko gaitasun-helburuak? ELAtik kezkarako arrazoi sendoak daudela uste dugu.
Laburbilduz, Argi gelditu da gaur egungo eredu sistemak ez duela euskalduntzen. Nahiz eta D ereduak ekarpen handia egin duen prozesu honetan. Aldi berean, euskarafoboek beraien nagusitasunaz baliatzen dira euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzeko eta ondoren beraiek zapalduak balira bezala agertzeko. Horregatik murgiltze eredu orokortu bat inoiz baino beharrezkoagoa da euskal gizartearentzat, Euskal kurrikulum burujabea izango duena ardatz.