Edozer negozia daiteke, banaketa ezik (Astekaria 144, Editoriala)
ELAk irailaren hasieran ezagutarazi du EAEko industri-sektorean diharduten enpresetan lanaren kostua eta etekinak nola bilakatu diren (Nafarroako daturik ez daukagu). Zein da ondorio nagusia? Langile kopurua handituagatik azken hamar urteotan soldatek aberastasuneko zati txikiagoa hartzen dutela, irabaziak askoz ere handiagoak direla eta hauxe da gakoa soldatapeko jende gero eta gehiago ari dela soldata txarrekin eta kolokako egoeran lanean.
Noski, errealitatea horren gordin agerian uztea ez da bat ere pozgarria ugazabentzat, eta Confebaskek epelak bota ditu sindikatuaren aurka; ezin izan du, ordea, gezurretan ari ginenik esan, datuak iturri ezagunetatik hartu baititu ELAko azterketa bulegoak.
Beraz, zer gertatzen da? Zergatik sumintzen dira? Bada, sindikatuaren txostenak enpresaburuen interesen arabera egiten ez direlako, hedabideetan egunero agertzen diren gehienak bezala. Datuak eta estatistikak beste ikuspuntu batetik jorratzen dira, aberastasunaren banaketa zer nolakoa den zehatz ezagutzeko.
ELAk egiten duen azterketak helburu bat dauka: ohiko informazioetan ikusten ditugun kopuru handiak (Barne Produktu Gordinaren bilakaera, adibidez) utzi eta xehetasunetara joatea, nork zer irabazten eta zer ordaintzen duen jakitearren. Hots, aberastasuna nork sakeleratzen duen ikustea.
Ez da harritzekoa gizartean honen berri zabaldu delako baten bat bere onetik ateratzea, hain zuzen banaketan irabazten ateratzen direnak baitira horiek, eta nahiago lukete hori ezkutuan geratzea. Gauzak argi ikusteak epe luzeko transferentzia (aberatsak aberatsago eta pobreak gero eta pobreago egiten dituena) oztopatzen baitu.