Edozerk balio du grebaren aurka (Astekaria 164, editoriala)

2005/06/26

Ugazabak oso gogor ari dira greba egiten duten langileen aurka jokatzen, batez ere greba horiek benetakoak direnean, hots, sinbolikoak edo iraupen labur baino zerbait gehiago direnean.

Ugazabek gogor ekiten diete grebalariei. Ez dute edozer arma erabiltzeko zalantzarik egiten: mehatxuak, xantaiak, jazarpena, zigorrak... Gainera, greba arautzen duten legeak ia sistemaz urratzen dituzte: greba-komitearen eskubideak, grebalarien ordezkatzeak, segurtasun eta mantentze lanen izenean ezartzen diren gehiegizko zerbitzuak, etab. Eraso hauek oso zailak dira frogatzen; hartara, botere publikoen aldetik, batez ere Lan-ikuskaritzaren aldetik, askoz baliabide gehiago era jarrera eraginkorragoa eskatuko lukete. Astekari honetan jasotako epai eta erabaki administratiboek errealitatearen alderdi axalekoena baizik ez dute erakusten: Iceberg baten urazalaren gainetik%10 soilik agertzen bada, greba egoeretan ugazabek egiten duten zanpaketaren %10 baino gutxiago azal arazi eta frogatu ahal izaten da.

Botere publikoen aldetik grebalariek jasotzen duten babesa oso urria izan ohi da gehienetan: gehiegizko zerbitzu minimoak, salaketen aurreko erantzun berantiarregiak, grebalarien aurkako adierazpenak, eta ordena publikoari buruzko oso ikusmolde murritza: kaleko normaltasun itxurarekin identifikatzen dute agintariek, EAEn bezala Nafarroan.

Behin baino gehiagotan salatu du ELA-Ertzaintzak agintariek duten ordena publikoaren ikuspegi murritz eta ugazaben aldera lerratutako hori, eta grebalarien eskubideei buruzko begirune eza ere. Honek gabezia larri bat islatzen du, gai hauei buruz ertzainei ematen zaien formazio urria. Honez gero greba demokrazia bateko funtsezko eskubideen artean ez bailegoan.