Egoera hobetzeko, errebindikazioa (Astekaria 157, editoriala)

2005/04/17

Sinestarazi nahi digute gure eskariak gauzatzeko aukerarik ez dagoela. Hori gezurra da: Ugazabek legeari esker gero eta pribilegio gehiago dauzkate, lan-baldintzak etengabe okertzen ari direlako. Ezarri nahi diguten lan eta gizarte eredua gero eta eskasagoa da, eta enpresen etekinak hazten ari dira (2004an %32).

Batetik, langileen esplotazioa areagotzen ari da: aldi baterako enplegua, diskriminazioak eta gehiegizko azpikontratazioa. Etekin ikusgarriak dituzten enpresek txantajea egiten diete beharginei lan-baldintzak okertzeko. Gobernuek ez dute ezer egiten, eta areago, ugazabei bidea errazten diete: zergak gizarte-eredua zalantzan jartzeraino jaisten dituzte, eta legeak aldatu, enplegua gero eta malguago izan dadin.

Harritzekoa da egoera latz honetan sindikatu batzuk ugazabei eta gobernuei babesa ematea. Arazoei heldu beharrean, sindikatu horien helburua lege-erreformak hitzartzea da. Bi aukera ditu mugimendu sindikalak: enpresaburu eta gobernuen kide izatea, horren truke finantzatzeko baliagarri diren hainbat zerbitzu kudeatuaz, eta bigarrena, botere horiei aurre egiteko borroka sindikala hautatzea.

Badakigu erronka hori zaila dela. Baina ez dugu gertatzen ari dena deskribatzen duen notario bat izan nahi. Negoziazio kolektiboaren edukiak dira gure lehentasuna. Bide horretarako baditugu aliatuak: langileak; izan ere, kolokako egoeran daudenek errebindikazio-estrategia sinesgarriak bilatzen dituzte; sindikatua eurengandik hurbil dagoela ikusi nahi dute.

Gure negoziazio kolektiboaren lehentasuna prekarietatearen aurkako borroka da, eta argi ikusten dugu ugazabekin horri buruz eztabaidatzeko ezinbestekoa dela indarrak metatzea; errespeta arazteko indar sindikala beharrezkoa dugu.