Egonkortasuna ala aldaketa?

2018/10/11
Mitxel Lakuntza, ELAren koordinatzailea Nafarroan
Aurtengo maiatzean Eskoziako STUC sindikatuaren kongresuan parte hartu nuen; han Nicola Sturgeon lehen ministroak hitz egin zuen. Bere aurretik dozenaka sindikalistak gobernu eskoziarrari galdegin zioten eskubide sozialekin eta laboralekin konpromiso handiagoa ager zezala.

Lehen ministroa ez zen uzkurtu, eta hau adierazi zuen: Badakizue ez zaigula gustatzen esaten eta egiten duzuen guztia, baina badakigu ere Eskozia bestelako herrialde bat litzatekeela, okerragoa, sindikatuaren konpromisoa eta borroka hainbeste urtez izan ez balitz”.

Ez da ohikoa politikak sindikalismo borrokalariaren ekarpena aitortzea, ezta greba eta mobilizazioa beharrezko jotzea gizarte- eta lan-arloan hobekuntzak lortzeko. Aitzitik, politikoek “kontsentsua” goraipatzen dute, “kontzertazioa” (berdin du zer adosten den, eta zeren edo noren lepotik); propaganda eginez albiste onak errepikatzea bilakatzen da edozein gobernuren eskuliburua.

Hots, kontua da edozein desberdintasun, abusu edo menpekotasun egoeratan izan ohi den gatazka ezkutatzea... Ezkutatu, izan ere, gatazkak alderik indartsuenaren pribilegiozko kokapena zalantzan jartzen baitu.

Gatazka hor dago lan prekarioa hedatzen denean; etxebizitza izateko aukera gero eta zailagoa denean; pentsioak gero eta kaskarragoak eta lortzeko zailagoak direnean...

Gatazka sozialaren kontzientzia hartzea da errealitatea eraldatzeko lehen urratsa. Mobilizazio sozialaren lorpenak erraz ahazten badira ere, konpromiso hori gabe ezinezkoa da ulertzea azken hamarraldietan ezagutu dugun hainbat aldaketa eta aurrerapauso. Halaber, ezin da azaldu duela hiru urte luze Nafarroan hasi zen garai politiko berria.

Aldaketak irakurketa anitzak ditu

Herritarrek Barcinaren gobernua kanporatu zutenetik hiru urte joan dira. Gertakari politiko hau gogoan izango da beti milaka nafarren gogoan: dirua botatzen zuen gobernua, murrizketa eta bazterkeriaren gobernua kendu zutelako pozagatik, batetik, eta garai berri bati ekiteko ilusioagatik, bestetik.

Halere, agerikoa da hiru urte igarota aldaketa ulertzeko hainbat modu dagoela. Agian bat etor gaitezke aldaketa zenbait erabaki politikotan gauzatu dela: Nafarroa kontserbadore, “foral” eta espainolaren pentsamolde bakarrak ahaztuta, baztertuta eta zigortuta zeuzkan herritarrak integratzea lortu da.

Aurrera egin da hainbat arlotan, esaterako biktima guztien aitorpenean edo euskaran (hemen eginbehar asko daukagu oraindik, baina baliatu beharreko aukera bat dago; horregatik sinatu zuen ELAk Administrazioko euskarari buruzko dekretua). Arlo sindikalean ere urrats handia izan da UGT, CCOO eta CENentzako dirulaguntza nominalak kentzea. Beraz, badira aurrerapausoak; halere, aldaketa oso urrun dago arlo politiko eta sozialari dagokionez.

Aldaketa soziala: Asko dago egiteko

PP, PSOE eta UPNren murrizketa eta erreformek (lan legedia, pentsioak, hobari fiskalak...) gaur oraindik ere indarrean daude. Erabaki politiko horien ondorio izan da herritar nafar asko pairatzen ari diren pobretzea.

Ezinbestekoa da gogoratzea murrizketa ugari bertan behera utzi beharra dagoela; goitik behera aldatu behar direla politika batzuk, eta hori egiteko modu bakarra egungo zerga-egitura aldatzea dela, diru-bilketa urria eta okerra delako.

Nafarroa EB mailan diru-bilketari dagokionez azken postuetan dago. Europako batezbesteko mailarekin parekatuz gero, Foru Ogasunak 1.675 milioi euro gehiago jasoko lituzke. Hobari fiskalei esker etekinak dituzten enpresek sozietateen zergatan 2007an baino 337 milioi gutxiago ordaintzen dute. Ez da egia dirurik ez dagoenik: aberastasun handiagoa sortzen da, baina banaketak gero eta desberdintasun handiagoa eragiten du.

Haatik, Gobernuak eta laukoak erabaki dute zerga bidez ez dela diru gehiago bilduko, eta ez zaiela bereziki jazarriko iruzur egiten dutenei, aberatsenei.

Horixe da arazo askoren sorburua: hezkuntza, osasungintza edo gizarte-babesa hobetu nahi direnean behin eta berriz esaten digute: “ez dago dirurik”. ELAk ez du uste hori egia denik, baina Gobernuak argudio hori aitzakiatzat hartzen du aurreko gobernutik datozen politikei eutsi eta kontinuismoz jokatzeko.

Adibidez, Hezkuntzako azken akordioak (dagoeneko ez dira betetzen ari) murrizketak mantentzen ditu; arlo publikoko langileen soldata ez da KPI adinekoa ere izan; Polizien legea UPNk txalotzeko modukoa ari da bihurtzen; aldi baterako enplegu tasa jaisteko proposamenak motzegiak dira (Osasunbidean eta Irakaskuntzan %30tik gorakoa da)... Onartu ezineko kontuak dira.

Enplegu arloan, ELAk ez du ontzat eman Nafar Lansareak (SNEk) kudeaketa publikoa areagotu ez izana. Bestalde, Parlamentuan etxebizitzari eta gizarte-babesari buruzko Herritar Ekinbide Legegilearen (HEL) debatea ukatzea oso larria da, gobernu demokratiko batek ez bailuke hori egin beharko.

Autonomiaren eta interpelazioaren balioa

Bere autonomiak, bere baliabideetatik bizitzeak, politikoki zein ekonomikoki inoren menpeko ez izateak, ELAri garrantzi handiko zerbait ematen dio: gauzak objektibotasunez ikusi eta bere izenez deitzea, kanpoko baldintzarik gabe.

Aldaketarako gure ekarpena ezin da izan aldarrikapenak biguntzea, murrizketak erlatibizatzea, mobilizazioa baztertzea... Hots, indargabetze soziala oso albiste txarra litzateke aldaketa politiko eta soziala nahi dugunontzat. Hori ez da aldaketaren alde lan egitea. Izan ere, horrela eskubide laboral eta sozialak hobetzeko aukerak galtzen dira, eta gainera utzikerian eroriz gero erregimenari libre uzten zaio bidea, betikoei ematen baitzaie politikan eragina izateko monopolioa.

Gobernuak errealitate honen aurrean ez lituzke begiak itxi beharko; bestela aldaketa “instituzionalizatzeko” arriskua dago (gero eta gutxiago aipatzen da aldaketa, eta maizago egonkortasuna). Benetako aldaketek etorkizuna izango badute kaleak, oinarri sozialak bizirik mantendu behar ditu. Garra ez da itzaliko gatazkan dauden pertsonek (langile-klasea, pentsiodunak, feministak, ekologistak, euskaltzaleak...) hauspotzen duten artean:

Horregatik, naturaltasunez esaten dugu Nafarroa demokratikoagoa, errespetu handiagokoa eta integratzaileagoa dugula orain; haatik, esan beharra daukagu ere aldaketa politiko eta sozialean bide luzea dagoela egiteko. Horregatik, ezin dugu mobilizazioa, ekarpen kritikoa eta eraldaketa soziala baztertu. Eta hain zuzen horren kontrakoa da egonkortasuna berezko baliotzat aldarrikatzea.