Eguneroko greba feministak, Martxoaren 8an ere #M8GrebaFeminista

2019/03/08
Leire Txakartegi, berdintasun arduraduna
Euskal Herriko mugimendu feministak biztanleriaren erdiari zuzendutako greba orokorra deitu du martxoaren 8rako, iaz emandako indar erakustaldiari jarraipena emanez. Greba berritzailea izango da aurtengoa ere, enplegu formaletik harago, bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lan guztietan planto egitera deitzen baita, zaintza lanen aitortzaren beharra lehen mailara ekarriz. Izan ere, zer gertatuko litzateke emakumeok musu-truk egiten ditugun lan guztiak egiteari utziko bagenio? Dudarik gabe, sistemaren kolapsoa, kaosa edo anabasa.

Balio handia dauka grebari izaera hau emateak. Sistema kapitalistak bizitzen prekarietatea bultzatzen du inoiz baino era gordinagoan eta prekarietatearen irakurketa egiterakoan lan harremanen esparrua zabaldu egin behar dugu. Gatazka ez da soilik lana (enplegua) eta kapitalaren artean, talka kapitala eta bizitzaren artekoa da. Erantzuna ere maila berean eman behar dugu beraz, borrokak bizitzaren eremu ezberdinetan antolatuz.

Lan prekarietatea zapalkuntzarako tresna izanik, emakumeon bizitzak gero eta hauskorragoak dira enpleguan bolbora bezala hedatzen ari den prekarietatearen eraginez. Lan baldintza duinik gabe ezin geure buruaren jabe izan. Enplegu formalean ere badaude ertzak eta hegal hauetan emakumeak gaude kasurik gehienetan. Horregatik, egiturazkoa bihurtzen ari den lan prekarietatearen aurkako borrokak berebiziko garrantzia duela uste dugu sindikatuan.

Ez da kasualitatea azken urteetako grebarik esanguratsuenak emakumeenak izatea. Gogoan daukagu oraindik Bizkaiko erresidentzietako emakumeen balentria, Europa mailan emakumeek inoiz egindako grebarik luzeena.

Bide beretik, Gipuzkoako erresidentzietako emakumeek greba dinamika luze bat daramate aurrera zaintza lanei dagokien balioa aitortu, lan baldintzak hobetu, soldata arrakalarekin bukatu eta pribatizatuak izan diren oinarrizko zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

Bizkaiko etxez-etxeko zerbitzuetako emakumeak ere borrokan ari dira gure etxeetan eskaintzen dituzten zaintza lanak baldintza duinagoetan egiteko, zaintza lanen pribatizazio prozesuei aurre eginez.

Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbikuntza sektoreetako emakumeek bost hilabete baino gehiago daramatzate greban, kale garbiketa egiten duten gizonekin alderatuz 1.500 eta 3.000 euro gutxiago irabazten dutelako urtean, hurrenez hurren.

Ezin ahaztu ezta ere duela hilabete gutxi batzuk, Bilboko NH eta Barceló hoteletako langileak 40 egun pasatxo egon zirela greban, arrazakeria eta lan esklabotza eskutik hartuta zeramatzan lan gatazkan. 2,5 euro orduko lan-ordaina, iruzurrean egindako kontratuak, lanaldi mugagabeak, ratio onartezinak eta aparteko ordainsaria barne, 800 eurora iristen ziren soldatak. Borroka intersekzional garbia: sektore feminizatu, prekarizatu eta arrazializatua, hamabost herrialde baino gehiagotako langileekin.

Hauek eta beste asko gatazka sindikal eredugarriak eta era berean borroka eta aldarrikapen feministen adibide praktikoak dira: zaintza lanak erdigunera, soldata arrakalarekin bukatu...

Sindikalismoaren iruditeria eta protagonistak aldatzen ari garenik ezin ukatu. Emakumeak buruz-buru eta borrokaren lehen lerroan ari gara enplegu eta bizitza duinen alde.

 

ELAn azken urteetan asko ari gara ikasten gara borroka hauetatik. Ekarpen handia egin digute emakumeen interesak eta beharrak sindikatuaren estrategiaren erdigunean kokatzeko prozesuan. Oraindik egiteko asko dugun arren, atzera bueltarik ez daukaten urratsak eman ditugu, egun ez baitago inolako zalantzarik sindikalismo eraldatzaileak feminista izan ezean jai daukala.

Baina feminismoak ere klase borroka eta ikuspegia erdigunean kokatu behar dituelakoan gaude, aberastasunaren eta boterearen banaketa auzitan jartzeko klasea ezinbesteko aldagaia delako.

Jakina langile klasea gero eta anitzagoa dela, ezaguna da langile klasean ere denok ez gaudela toki berean, jatorria, atzerritartasun paperak, hautu sexual edo aniztasun funtzionala medio. Baina interes eta ikuspegi ezberdinak ehuntzen lagunduko diguten interes komunak ere baditugu, langile klaseko askotariko emakumeak garen heinean. Feminismo eraldatzaileak klase borrokaren motorea indartsu behar du, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalari aurre egiteko.

Feminismoari ELAk egiten dion ekarpen nagusia sektore feminizatuen borroketatik dator eta harro gaude horretaz. Lantokietan greba egiten duten emakumeak egunero ari dira borroka feminista gauzatzen. Greba bakoitzaren atzean antolakuntza lan eskerga dago, ahalduntze prozesu indartsuak daude, norbanakotik kolektibora, langile eta emakume gisa. Eta sindikatua horretarako tresna baliotsua da.

Eguneroko greba hauetatik elikatuko dugu martxoaren 8a, prekarietate egoeran dauden emakumeetatik abiatuz, enplegutik harantzago doazen beste borroka eremuekin ere zubiak eraikiz.