ETXEKO LANGILEAK

ELA, etxeko langileekin

2025/03/30
Silvia del Pilar Rengifo Soregui, ELAko afiliatua eta etxeko langilea
Nire izena Silvia del Pilar Rengifo Soregui da. Egun etxeko eta zaintzako langile gisa lan egiten dut; dena den, enpresaburua, maisua eta jostuna ere izan naiz. Etxeko langilea izateak ertz asko ditu; azken batean, kontua ez da soilik pisuak edota leihateak garbitzea, janaria prestatzea edo etxearekin lotura garbia duten lanak aurrera eramatea. Horrez gain, etxeko langileok beste zeregin batzuk ere baditugu, hala nola adinekoak edo adingabeak zaintzea. Kasu honetan, lana bikoiztu ez ezik, pertsonalizatu ere egiten da. Izan ere, pentsa dezakezuenez, pertsona guztiok ez ditugu zaintza berberak behar.

Era berean, etxeko langileok tratu zuzena izan behar dugu enplegatzailearekin, eta horrek, kasu askotan, hainbat abusu ekar ditzake, daukagun premiagatik jasan behar izaten ditugunak. Gure lanari balioa emango dioten enplegatzaileak behar ditugu, eta gainera, etzeko langile gisa ditugun eskubideak aldarrikatzen ditugu, are gehiago gutako gehienak egoera administratibo irregularrean gaudenean.

Perun neukan enpresa itxi behar izan nuen eta hortaz, migratu ere. Herrialde honetara lan bila etorri nintzen. Migratzaile gisa izan dudan bizipena zaila izan da eta izaten ari da. Migratzaileok lana lortzeko zailtasunak ditugu, administrazio-egoera erregularizatua ez izatekotan, lan hori askoz ere nekezagoa bilakatzen baita lan-kontratua lortzeko orduan, adibidez. Gogoratu nahi dut gutako askok karrera unibertsitarioak zein profesionalak ditugula, eta gutako asko arlo ezberdinetako espezialistak garela. Hala eta guztiz ere, migratzaileak garenez, ez gaituzte kontuan hartzen. Hori gutxi balitz, tituluak homologatzeko izapideak nekagarriegiak zein luzeegiak dira, eta horrela, ateak ixten zaizkigu bai lan egiteko bai ikasteko.

Duela hilabete batzuk ELA sindikatura hurbildu nintzen, Basaurin jostun bezala ari nintzen lantokian nire eskubideak urratzen ari zirelako. Gertatzen ari zitzaidan guztiarekin erabat atsekabetuta nengoen, eta orduan ezagun batek sindikatura joatea gomendatu zidan: “Goazen horra, hor defendatuko dituzte zure eskubideak”, esan zidan. Lan-kontraturik ez nuen arren, eta egoera irregularrean egon arren, frogak lortu eta epaiketa irabazi genuen. Gaur egun, epaian adierazitako zenbatekoa kobratzeko zain nago. Hori esanda, nire gomendioa, etxeko langile gisa, ELArekin elkartzea da. Beti izango da nire hautua.