ELA ez frankizia bat (Astekaria 199. Editoriala)
Enpresa-batzordetako ordezkariak berritzeko orduan, hautagaien balioa hartu behar da kontuan: zintzotasuna, buru-argitasuna, ordezkatuekiko hurbiltasuna, adorea edo talde-lanerako gaitasuna bezalako dohainak behar ditu ordezkari on batek. Baina, horiekin batera, bada beste gai bat, ezin bestean, gogoan izan behar dena: sindikatuarekiko sintoniarena, alegia. ELAren zerrendetan hautatzen diren ordezkariak sindikatuaren izenean izaten dira hautatuak eta, lankideak ordezkatzeaz gain, sindikatua ere ordezkatu eta konprometitzen dute. Bere jardunak, beraz, sindikatuak egindako planteamenduekin bat etorri beharko du, ildo nagusitan bederen.
Zoritzarrez, ez da beti horrela gertatzen, eta izan, badira, ELAk ezarritako moldeetatik oso aparte ibiltzera ohituak dauden ordezkariak eta ordezkari batzordeak. Sindikatutik aparte eta, askotan, ugazabarengandik gertu, iaioak izaten baitira ugazabak bere kasa dabiltzan ordezkariak nahierara erabiltzen.
Jokabide hauek ezin dira onartu, sindikatua bera desitxuratu eta langileak nahasten dituztelako. Beraz, horrelakoak zuzentzen saiatu beharko da sindikatua, horretarako jendearekin hitz egin eta jendeari entzunda, baina baita, behar izanez gero, hartu beharreko erabakiak hartuta. Batzuetan erabaki gogorrak hartu behar izaten dira usadio gaiztoak erauzi eta sindikatua berritu nahi baldin bada.
Izan ere, Elorrietak ale honetako elkarrizketan dioen bezala, ELA ez da komenientziako bandera bat, ezta frankizia bat ere, lantegiz lantegi banatzen dena ordezkaritza orokorra sendotzearen truke. ELA proiektua da, ezaugarri, helburu eta estrategia jakinak dituena, eta, honekin batera, proiektua garatzeko eraikitako langile organizazioa. Horregatik, ELAren estrategia eta funtzionamendu arauetatik at jokatu nahi duenak, ez luke bere burua ELAren itzalean babestu behar.